Eskualdeko hiru ordezkari joan ziren apirilaren 26an Linaresen (Jaen) jokatu zen Espainiako kenpo kai txapelketan parte hartzera eta emaitza bikainekin bueltatu ziren. Izan ere, emakumezkoen kategoria nagusian, urrezko domina bat eta zilarrezko bi lortu zituen Zaira Latasa elizondarrak eta infantil mailan zilarrezkoa Beñat Yanci igantziarrak.
Zaira Latasak, gerriko marroi eta beltzei zuzendutako emakumezkoen txapelketa nagusian hartu zuen parte. Defentsa pertsonaleko tekniketan (Goshin) eta semikontaktu borroka puntuan azpitxapeldun izan zen, baina txapelketa osoan egindako lan bikainari ginda paratu zion semikontakto borroka jarraian Espainiako txapelketa irabaziz.
Kirolari gazteagoak ere joan ziren Linaresera. Infantil mailan, Beñat Yanci igantziarra azpitxapeldun izan zen semikontaktu borroka puntuan modalitatean Bi saridunekin batera, Iraia Gillenea beratarrak ere parte hartu zuen infantil mailan eta ez zuen dominarik lortzerik izan. Halere, defentsa pertsonalean eta formetan lan ona egin zuen.
Kirolariez gain, txapelketan izan ziren Koro Iriarte beratarra, Nafarroako selekzioko teknikari moduan eta Modesto Ordoki eta Juan Mari Vidal epaileak. Hain zuzen, arte martzial hau eskualdean sartu zuen Juan Mari Vidal-i 2013ko Urteko Maisuaren saria eman zioten txapelketaren ondotik egin zen galan.