Eduardo Oiartzabal doneztebarrak arrantzatu du Lehenbizikoa

TTIPI-TTAPA 2014ko maiatzaren 15a

Eduardo Oiartzabal kontent, Bidasoko Lehenbizikoa arrantzatu ondotik. Alicia DEL CASTILLO

4,750 kilo eta 77 cmko izokin arra zen, Oronozko haztegitik errekaratua

Maiatzaren 1ean ireki zen arrantza denboraldia baina aurtengoan laugarren egunera arte esperatu behar izan dute arrantzaleek Bidasoko Lehenbizikoa arran­tzatzeko. Doneztebeko Eduardo Oiartzabal Mitxeo, 38 urteko arrantzaleak atera zuen. Bere bizitzan arran­tzatu duen lehen izokina ere izan zen Lehenbizikoa.
 
Izokina arra zen eta Oronoz-Mugairiko haz­tegitik ateratakoa, markak baitzituen. 4,750 kiloko pisua eta 77 centimetro luze zituen. Maiatzaren 4an  atera zuen Endarlatsa ingu­ruan, Los 50 bezala ezaguna den putzuan.
 
1.700 EURO ORDAINDU DUTE IRUÑEKO MAISSONAVE HOTELEKOEK
 
Eduardo Oiartzabalentzat sekula arrantzatu duen lehen izokina izan zen igandekoa. Izan ere, aspalditik amoa­rrain arrantzan ibiltzan bada ere, duela bi urte arte ez zuen izokinarena probatu. «Ikusi eta aunitz gustatu zitzaidan ikusi nuena», aipatu zuen. Beraz, izugarrizko poza eta ustekabea izan da beretzat denboraldiko lehenbizikoa atera­tzea. Bere azken txanda akitzen ari zenean hautsikitu zuen amua izokinak eta hamar minutuko lanari eta inguruan zituen beteranoen aholkuei esker lortu zuen ateratzea.
 
Iruñeko Maissonave hoteleko Ansolega jatetxeak 1.700 euro ordaindu dizkio Lehenbizikoarengatik, Bidasoan arrantzatu eta sal­tzen ahal den izokin bakarrarengatik eta horrekin, «lagunekin soziedadean» afariren bat egiteko asmoa zuen.
 
Beharrezko neurriak eta datuak hartu ondotik, Berako Ehiza eta Arran­tza Elkartearen izenean Lorenzo Jaurena presidenteak Lehenbizikoa arrantzatzeagatik oroigarria eman zion Doneztebeko arrantzaleari, baita, arrantzarako txalekoa eta zapela ere.
 
Behin Bidasoko izokin denboraldia irekita, 66. alea ateratzerakoan edo uztailaren 15ean itxi­ko da sasoia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun