22 ahari aurkeztu dira Doneztebeko Udaberriko feriako lehiaketara

TTIPI-TTAPA 2014ko maiatzaren 9a

Ahari ederrak ikusi dira aurten ere Matxiketako plazan. Utzitako argazkia

Lehenbiziko sariak Donamariako Zabaltenera eta Oizko Telletxenekobordara joan dira aurten ere

Doneztebeko Udaberriko feria zortzigarren aldiz ospatu da ortziralean, maiatzaren 9an, Doneztebeko Udalak, Nafarroako Gobernuaren eta Cederna-Garalur eta Doneztebarrak elkartearen laguntzaz antolatua. 22 ahari aurkeztu ziren lehiaketara, sekula baino gehiago.

Doneztebeko Udaberriko feria zortzigarren aldiz ospatu da ortziralean, maiatzaren 9an, Doneztebeko Udalak, Nafarroako Gobernuaren eta Cederna-Garalur eta Doneztebarrak elkartearen laguntzaz antolatua. 22 ahari aurkeztu ziren lehiaketara, sekula baino gehiago.

Goizeko 11etatik eguerdiko ordubatetara zortzigarren ahari lehiaketa egin da Merkatu Plazan. Lehiaketa honetan, Malerrekako latxa arrazako ahariek parte hartzen ahal dute eta aurten 22 buru aurkeztu dira lehiaketara, 11 artzainen eskutik.

Lehiaketa ahari mutur gorri eta mutur beltzendako irekia bada ere, zenbait edizioetan gorriak bakarrik agertu dira. Aurten, berriz, 8 ahari muturbeltz eder aurkeztu dira. Horien artean, Donamariako Zabalteneko Joxe Mari Indak aurkeztutako bientzat izan dira lehenbiziko bi sariak 120 eta 70 eurokoak, hurrenez hurren. Beintza-Labaiengo Dolareako Jose Mari Etxeberriak aurkeztutako buruarentzat izan zen 50 euroko hirugarren saria.

Mutur gorrien atalean, 14 buru aurkeztu ziren. Lehenbiziko sariko 120 euroak Oizko Telletxenekobordako Lucio Telletxeak aurkeztutako ahariarentzat izan zen. Bigarren saria Oizko Agortenekokordako Mari Jose Urrozentzat izan zen eta bere semeak hartu zuen 70 euroko saria. Hirugarren saria, Sunbillako Bixarnekobordako Beñardo Bazterrikak aurkeztutako ahariarentzat izan zen. Ana Etxeberria eta Oskar Mindegia Doneztebeko zinegotziek banatu zituzten sariak.

Baina dena ez da ahari lehiaketa izan eta, eguraldia lagun, azienda feria polita gelditu zen ortziral eguerdian. Gainera, iaz bezala, elizako gorapean izan ordez, Bordatxo aldeko aparkalekuan bildu ziren hamalau eskulangile eta Doneztebarrak elkarteko merkatariek ere beraien produktuak atera zituzten eta horrek lagundu zuen feria giroa ederragoa izan zedin. Doneztebarrak elkartekoko zazpi komertzio atera dira aurten plazara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun