Arkupeak elkartekoak sasoi betean

Fernando ETXEBERRIA 2014ko maiatzaren 1a

Goian, gimnasia egunean parte hartu zuten elkartekideak. Beheitian, ariketak egiten. Fernando ETXEBERRIA

Parte hartze handia izan zen Gimnasia Egunean

Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, aurtengo Gimnasia Eguna   ospatu dute Arkupeak Elkartekoek. Apirilaren 10ean, Doneztebeko polikiroldegian elkartuta, sasoi betean daudela erakutsi zuten bertze behin ere.
 
Besta eguerdiko 12:00etan hasi zen, Arkupeakeko gimnasten emanaldiarekin. 30 laguneko taldeak, urte osoan zehar Patxi Txokarro irakasleak eraku­tsi dizkien ariketa eta mugimenduak egin zituzten. Herriz herri aritu da Patxi klaseak ematen eta guztiak bilduta egindako lana erakutsi dute. Gero kalejiran, bertze elkartekideekin batera Santa Mariara joan ziren guztiak menu bikaina dastatzera.  Bazkalondoa Jose An­gel akordeolariak girotu zuen eta guztiek primeran pasa zuten.
 
Arkupeakeko Zuzendaritza Batzordeak bes­ta hau egiten segi nahiko lukeela adierazi du dirulaguntzak txikiak izan arren. Aurtengoa Donezteben egin dute eta datorren urtean lekuz aldatzea posible dela gaineratu dute.
 
Datozen ekitaldiak
Gimnasia Egunean ez zituzten indar guztiak bukatu Arkupeak Elkartekoek eta datozen hilabeteetarako antolatu diren ekitaldi eta irteeretarako askok eman dute izena. Ordiziara egitekoa den irteerara 182 pertsona joanen dira eta Lourdesera joateko asmoa ere badute. 
 
Maiatzaren 15ean berriz, besta berezia antolatu dute. Erramun Martikorenak emanaldia eskainiko du Oronoz-Mugairiko Urgain jatetxean eta 202 elkartekide bertan izanen dira ahoa eta belarriak goxatu asmoz. Bazkariaren aurretik, ibilaldi bat eginen da Bertizen barna. Bertan gure elkartekideek egindako kuadroak, egurrean egindako eskulanak, burnian eginak... ikusteko aukera izanen da. 
 
Datozen hilabeteetako ekitaldi eta bidaien inguruko informazioa maiatz bukaeran argitaratuko den buletinean jasoko dute elkartekideek.  Aurreikusita dauden bidaien artean, Argentinara eta Europan barna eginen dutena azpimarratu dituzte.  
 
Horretaz gain,  aita­txi eta amatxien besta  ere ospatuko dute, aurten uztailaren 24an. Orain artean uztail­aren 26an egin izan dute, baina aurten larunbata denez,  Gorraizko Jaurerrian ez dago lekurik, ezkontza bazkariak dituztelako.   
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun