‘Xaldun Kortin’, euskaraz jolastu eta ikasteko materiala karrikaratu dute

TTIPI-TTAPA 2014ko mai. 1a, 12:11

Gurasoentzako ikastaro praktikoak eskainiko dira

Labrit Multimediak eta Euskokultur Fundazioak Nafarroako ondaretik bildutako kantuak eta kontuak biltzen dituen liburua, DVD-a eta diskoa kaleratu be­rri dute bilduma bakar batean, Xaldun Kortin, jolastu gurekin izenburupean. Lanaren helburua, guraso euskaldunei eta baita euskaldunak ez direnei ere euren haurrekin euskaraz jolastu eta ikasteko aukera eskaintzea da.
 
Euskokultur Fundazioko Maite Lakar eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateko Pa­tri Arburuak apirilaren 11n Iruñean egindako aurkezpen ekitaldian azaldu bezala, haurrekin lotutako ahozko ondarearen bilketan sakondu nahi dutenei zuzenduta dago liburua.
 
Proiektu parte hartzailea izan da. Hala, Nafarroako herri eskolen lagun­tza jaso zuten Labrit Multimediako kideek. Tartean, Bortzirietako Bertso Eskola, Elizondoko Abesbatza ttikia eta Leitzaldeko Aralar Musika Eskolako ikasleek parte hartu dute CD eta DVDaren grabaketan, Porrotx pailazoarekin batera.
 
Euskokultur Fundazioko Maite Lakarrek eduki guztien azterketa eta sailkapena bideratu du, eta orain gozatu ahalko duzuen hautaketa ere gauzatu du.
 
Horrez gain, Nafa­rroako euskara teknikarien sareak irizpide eta aholkuekin lagundu du.
 
Materiala salgai egonen da eskualdeko liburudendetan eta www.xaldunkortin.com web­gunearen bidez. Eskualdeko Euskara zerbi­tzuek, bere aldetik, aurten jaioko diren haurren familiei oparituko die.
 
Ikastaro praktikoak
Gurasoentzako Xaldun Kortin ikastaro praktiko eta laburrak  ere (2 ordukoak) eskainiko dira. Lehenbizikoak Lesakan eta Beran eginen dira, maiatzaren 22an eta 27an.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun