Baztango Lepatanatuek 2 nagusi Bardoen finalean

TTIPI-TTAPA 2014ko maiatzaren 1a

Taldeek irudimena erakutsi zuten hasierako agurrean. Aitor AROTZENA

Bertso giro bikaina izan zen eta 360 lagunek bete zuten frontoia

Giro ederrean bukatu da Lesakan Bardoak Nafarroako taldekako ekimenaren bigarren edizioa. 360 lagunek bete dute herriko frontoia eta taula gainean hiru taldeek eskaini duten bertso saioarekin disfrutatu dute.

Hiru ziren talde finalistak eta bederatzi ber­tsolari igo dira oholtzara: Lepatanatuek 2 taldean Xabier Maia, Oier Amiano eta Kotte Plaza; Bertze maldikoak taldean, Aimar Karrika, Ainhoa Aranburu eta Oskar Sanz de Acedo eta Harrapazank taldean, Migel Mari Elosegi Luze, Iñigo Ibarra eta Joanes Illarregi. Era berean, hiru aurkezle izan zituen saioak, talde bakoitzetik bana: Fernando Anbustegi, Miren Bidarte eta Jon Oronoz.

Saio bizia eta umoretsua izan zen eta en­tzuleek ere parte-har­tzeko aukera izan zuten ariketa batean, azken oinak asmatuz.

Saioko irabazlea Bardoen ekimenean parte hartu duten bertze 13 taldeetako ordezkariek eta entzuleek erabaki zuten, haien bozkaren bitartez. Horren arabera, Baztango Lepatanatuek 2, txipiroien itzulera  taldea izan da Bardoak ekimenaren biga­rren edizioko irabazlea. Alaitz Rekondo Nafa­rroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eman die saria taldeetako kide guztiei, Bardoen zapi bana eta saski eder bat. Sari bera jaso dute finalean aritu diren beste bi taldeek. Saria Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Maider Arrieta Lesakako Kultur zinego­tziak eman diete.

Ez dira finalistak saria jaso duten bakarrak. Bertze hainbat sari banatu dituzte Bardoen finalean: hasierako agu­rrik onenari saria Lesakako Zortziko Haundiena taldeak eraman du, Bardoen talde errebelazioarena Barañaingo Miluzeko barañetak eta Barardoak taldeek; Bardoen izpirituarena La­rraungo Paalletan Mocedadesek, otordu onenarena Baztan Malerrekako Etxeko Kontuk taldeak eta saio onenaren antolaketarena Etxarri Aranazko Bilixkorrikok.

Bertso festak segida izan zuen, bertso-poteoarekin eta Linddurrenborda sagardotegian egindako afariarekin. 125 lagun bildu ziren giro ederrean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun