Eskuak lanabes. Haria eta jostorratza lagun. Umetan ikasi zuten josten, euren kabuz, eskura zituzten traputxoekin behin eta berriz pieza berriak sortuz. Neurriak hartu, ilbaindu, makinaz pasa... milaka jantzi eginak dituzte geroztik. Bizitza osoa daramate josten eta TTIPI-TTAPAk puntadaz puntada euren istorioak bildu nahi izan ditu.
Eneritz IRAOLA
Asko izan ziren gazte garaian josten ikasi zuten emakumeak. Ez dira ordea aunitz izan jostea ogibide bihurtu eta bizitza osoan horretan jardun dutenak. Soinekoak, galtzak, atorrak, kortinak... denetarik sortu dute euren eskuek. Berriak sortu eta baita zaharrak konpondu ere.
Ez dituzte nazioarte mailan ezagunak diren abizenak. Ezagunak dira ordea eskualdean haien izenak. Maritxu, Blanca eta Maitek egindako jantziak soinean eraman dituztelako Goizueta, Doneztebe eta Elizondoko bizilagun aunitzek, baita inguruko herrietatik edo urrutitik etortzen ziren bezeroek ere.
Maritxuk duela pare bat urte utzi zuen lanbidea «dagoeneko zaharregia» zela iritzita. Eta mimoz gorde ditu josteko makina eta tresna guztiak. Maitek ere utzi du ofizialki langintza, tarteka enkargutxoren bat edo bertze egiten duen arren. Blanca da hiruetan gazteena eta oraindik lanean segitzen du burubelarri, baita josten ikasi nahi dutenei klaseak ematen ere.
Langintza baten lekukoak dira, afizioa ofizio bihurtu izanaren adibide. Josten hasi zirenetik, hamarkadak igaro dira, batzuen kasuan baita mende erdia ere eta gizartea aldatu bezalaxe, jostun lanbidea ere aldatu omen da. Kontsumitzeko modua aldatu dela diote eta horrek eragin zuzena izan omen du «garai batean jantziak urte askoan irauteko egiten ziren, orain berriz maiz aldatzea gustatzen zaigu, kalitatea beharrean kantitatea da bilatzen dena». Etorkizunaren inguruan ikuspegi desberdinak sorrarazten dizkie horrek. Maritxuk inguruan geroz eta jostun gutxiago daudela aipatzen du. Maitek ere zail ikusten du geroa, «merkatuko prezioekin konpetitzea ia ezinezkoa baita». Blanca da baikorrena, «arropak maizago aldatzeak lana sor dezake, arropa berri horiek moldaketak behar dituztelako».
Maritxu TOMASENA ERREGERENA | GOIZUETA
«Aitaren galtza zaharrak askatu eta haien moduko patroiak egin eta josiz ikasi nuen lanbidea»
Irratiaren konpainian edo seme alabak inguruan zituela, hariak dantzan jarri ditu duela gutxira arte Maritxuk. Hogeita bat urte zituen josten hasi zenean eta bere kaxa ikasi zuen «nire aitaren galtza zaharrak askatu eta hantxe hasi nintzen haien moduko patroiak egiten eta josten, baita txalekoak egiten ere». Jostea gustatzen zitzaion eta pixkanaka bere soinekoak, ondoren ume txikienak… egiten hasi zen, «gero, aldizkariak erosi eta horiek begiratuta ateratzen nituen jantziak». Afizioa, ogibide bihurtu zuen «sosa batzuk irabazten nituela ikusita, josten segi nuen»
Eskuz edo makinaz gustorago aritzen zen galdetuta, «makinan, jakina» aipatu digu. Hala ere, «makinan egiten den bukaera eskuz politagoa geratzen denez, eskuz ere egin beharra zegoen». Hasi zeneko josteko makinaren pedala eta mahaia mantentzen ditu «68 urte betetzera doaz». Garai batekoari moldaketak egiten joan da eta «hasieran pedal bidez lan egiten zuen makinari, motorra jarri eta gaur egun arte iraun» dio.
Kanporako lanean, baina etxean aritu izan da beti. «Soinekoak eta denetatik josi izan da gure etxean, etortzen zen guztia, baita berokiak eta kapak ere» azaldu digu. Bezeroez galdetuta, «batzuk diru gehiagokoak eta beste batzuk gutxiagokoak. Normalean, emakumeak» izaten omen ziren. «Herrikoak gehienbat, nahiz eta batzuk Leitza eta Arano aldetik etorri. Dantza taldeentzat, ezkontzetarako… ere josi izan dut. Bolada batean denetatik izan da hemen, asko» eta konponketa eskean beharrean «zaharrarekin baino berriarekin denak gustorago» ibiltzen omen ziren. Jantzia nolakoa izan, halako denbora eskaini beharra izaten zitzaion eta salneurria ere, «lanaren araberakoa» izaten omen zen. Bi proba egiten zituzten beti eta gaizki ateratzen bazen hirugarrena ere bai, «lehenengoa, ilbandu ondoren hariarekin puntu handiz jaso ondoren eta bigarrena, makinan pasa eta plantxatu ondoren». Telak, hariak, jostorratzak... «merkeen harrapatzen genituen tokietan» erosten zituztela azaldu digu, «begien arabera leku batean edo bestean, baina gehienak Donostia aldean».
Josten erakusten ere aritu izan da «bi alabei eta herriko neska pila bati». Ez dio hala ere, etorkizun gehiegirik ikusten jostun langintzari, «zaila da inguru hauetan jostunak topatzea».
MENDE ERDIA JOSTEN
90 urte ditu eta duela bizpahirura arte josten aritu izan da. Mende erdia bete du bere bidelagunak ere, mimoz zaintzen duen josteko makinak.
Blanca BAÑARES CIGANDA | DONEZTEBE
«Gaur egun eskuz egindako lanak oso gutxi baloratzen direla uste dut»
Iragarki batean irakurri zuen bazela josten ikasteko “urrutiko ikastaro” bat. Bertan izena eman eta haiek bidalitako argibideei segika «mauka gabeko ator urdin bat» izan omen zen josi zuen lehen jantzia. Gustua hartu zion jostorratz eta hari artean ibiltzeari eta horregatik Donezteben ematen zituzten ikastaro batzuetan izena eman zuen. Josten hobeto ikasi nahi eta Iruñeara joan zen, 6 urtez aritu zen Iruñeako Yolanda Gaviria akademian «patroiak nola egiten diren ikasten».
Geroztik irratia piztu eta orduak ematen ditu bezeroek eskatutako lanak osatzen. Zehatz errateko «soineko erraz bat egiteko gutxi gorabehera 8 ordu inguru behar izaten dira baina maukak sartu behar badira, tela espeziala bada edo korte zailak baditu orduak bikoiztu egin daitezke». Gazte, heldu, emakume, gizon... denetarik izan da bere tailerrean. Eskuz eta pedalekiko makinarekin osatzen zituen hasieran lanak, eta gerora erosi zituen josteko makina motordunak. Eskuz eta makinaz jostea, biak asko gustatzen zaizkiola erran digu baina gaineratu digu «gaur egun eskuz egindako lanak oso gutxi baloratzen» direla.
Lehen Doneztebeko mertzerietan erosten zituen beharrezko materialak, baina orain ez omen da horren erraza behar dena topatzea, «gaur egun gauza batzuk Donezteben erosten jarraitzen dut baina beste batzuk hirietan besterik ez ditut aurkitzen, telak eta tresna bereiziak adibidez».
Azken urteetan josteko ohitura berreskuratzen ari dela uste du «agian bizi ditugun garai zailak direla eta, jendeak jantziak bota beharrean konpondu egin nahi ditu eta hori egin ahal izateko batzuk josten ikasten dute». Duela urte batzuk herrian bertan josten ikasteko aukera izan zuen, eta horixe da orain berak besteei eskaintzen diena, irakasle ere aritzen baita, «astean bitan ematen ditut klaseak». Esperientzia «oso polita da nik dakidana besteei erakustea. Gainera, oso pozgarria da ikasleen aurpegiak ikustea ohartzen direnean beraen kabuz euren konponketak egiteko gai direla» azaldu digu.
Lehen gehienbat jantzi berriak josten zirela dio baina «orain gehiena konponketak dira, ospakizun bereziren bat dutenean etortzen dira jantzi berria egitera» adierazi digu. Dena den, ez dio etorkizun beltza ikusten lanbideari «duela hogei urte baino maizago aldatzen dugu arropaz, erosi ere gehiago erosten dugu eta erosten diren jantzi horiek, konponketak behar izaten dituzte maiz, hortik dator lana».
IRAKASLE ERE BAI
17 urterekin hasi zen josten eta 44 urte daramatza horretan. Gainera, irakasle lanetan ere badabil astean bitan josten ikasi nahi dutenei erakusten.
Maite BERGARA ETXABE | ELIZONDO
«Lanbidearekiko maitasuna sentitzea funtsezkoa da, irabazi handirik ez da lortzen»
Jostea betidanik maite izan du. Panpinei jantziak eginez ikasi zuen josten eta orain, jostun lanak ofizialki utzi dituen arren, umetako afizioari segika, panpinentzat jantziak eginez segitzen du. Jostun lanbideaz galdetuta, segituan ttikitako anekdotak dakartza gogora «ttiki ttikia nintzenean, paga ematen zidatenean, belusezko (tertziopelo) zinta estu batzuk eta botoi ttiki batzuk erosten nituen eta panpinei soinekoak egiten nizkien. Udaran ere siesta egiteko ohitura zegoen eta ni sekula siestazalea izan ez naizenez, nire lagunak siestara joaten zirenean ni maindireei vainicak egiten aritzen nintzen». Etxean zertxobait trebatu ondotik, Manuela Elizalderen tailerrean aritu zen josten ikasten eta gero Iruñean ere urte betez ikasten aritu zen. Hemezortzi urte zituenean hasi zen bere kabuz josten eta duela hamar urtera arte, horixe izan du lanbide. Urte aunitzez aritu da eta hori lortu ahal izateko, lanbidearekiko «maitasuna sentitzea» funtsezkoa iruditzen zaio, «irabazi handirik ez baita lortzen». Sakrifizio handia zela gaineratzen du «jostunak ginen, herrietako jostunak, ez hirietakoak».
Gaur egungo diseinatzaileekin konparatuta «artistak» zirela dio, «gure bezeroak jende normala ziren, sorbalda bat bestea baino gorago eduki zezaketen, tripa… oraingo diseinatzaileek akalak izaten dituzte modelotzat».
Zenbait jantziri bizi berria, erabilera berria ematea ere izan da bere lanetako bat «ator batekin, motxila bat egin zitekeen, tela arrunt batekin painuelo bat...» . Gaur egun, orokorrean pentsaera aldaketa bat egon dela iruditzen zaio eta horrek ez diola mesederik egiten jostunen lanbideari. Batetik, «jostun batek egindako lan bat artelan bat, oso gutxiren eskura dagoen erlikia bat» bihurtu dela uste du. Gainera, merkatuko prezioekin konpetitzea ia ezinezkoa dela iruditzen zaio «ezin da konpetitu, hogei eurotan traje oso bat erosi dezakezu edonon. Gainera gaur egun jendeak asko aldatu nahi du, jantzi asko eduki nahi ditu, kalitatea baxugoa izan arren. Garai batean, jantziek irautea zen helburua». Konponketekin ere gauza bera gertatzen dela dio «ezin duzu kobratu berez lanak balio duena. 10 euro kosta zaizkien galtzak ekartzen dizkizutelako konpontzeko».
PANPINAK JANZTEN
Panpinentzako jantziak eginez ikasi zuen josten.
Urtetan izan da eskulanaren artisteta orain
ofizioa utzita, bere panpinei jantziak berritzen ari da.