Doneztebeko Udaberriko Feriaren barne, zortzigarren ahari lehiaketa eginen da ortziralean

Ttipi-Ttapa 2014ko maiatzaren 8a

Artisauen lanak ikusi eta erosteko aukera ere izanen da ortziralean Donezteben.

Aziendak ez ezik, artisauen lanak ere izanen dira eta merkatariak ere karrikara aterako dira

Egitarauaren barne, zortzigarren aldiz ahari lehiaketa eginen da, baina horrez gain, goizean eskualdeko artisauek egindako lanen erakusketa eta salmenta izanen da. Doneztebarrak Merkatari Elkarteko dendek ere parte hartuko dute eta eguerdira bitarte postuak paratuko dituzte kanpoan.

Ate joka dugu Doneztebeko Udaberriko Feria, ortziral honetan, maiatzak 9, izanen baita. Ohiturari jarraituz, 11:00etatik 13:30era bitarte ahari lehiaketa eginen da Merkatuko Plazan. Aurtengoa zortzigarren edizioa izanen da eta beti bezala, Malerrekako latxa arrazako ahariak sarituko dituzte. Artzain bakoitzak nahi adina buru aurkeztu ahal izanen ditu, eta parte hartzeagatik 30 euro emanen zaizie. Sei sari emanen dituzte, hiru mutur gorriendako eta bertze hiru mutur beltzendako. Bi kasuetan saria berdina izanen da: lehenbiziko sarituek 120 euro hartuko dituzte, bigarren sarituek 70 euro eta hirugarrenek 50 euro. Sari banaketa egun eta toki berean eginen da, 13:30ean.

Baina ez da ahari lehiaketa eguneko ekitaldi bakarra izanen. 10:00etatik 14:00etara bitarte eskualdeko artisauek egindako lanen erakusketa eta salmenta izanen da eta denetarik izanen da: artilea, jantzingintza, grabatuak, egurra, taloak, gasnak, argazkiak, zilarra, laxoa, kaikuak, jantziak eta osagarriak eta eskuz egindako bitxigintza.

Doneztebarrak Merkatarien Elkarteko kideak ere kalera atera eta postuak paratuko dituzte 10:00etatik 14:00etara.

Euria eginez gero, artisauak Elizako atean egonen dira eta eta merkatariak euren dendetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun