Maiatzaren 1ean ireki zen arrantza denboraldia baina aurtengoan laugarren egunera arte esperatu behar izan dute arrantzaleek Bidasoko Lehenbizikoa arrantzatzeko. Doneztebeko Eduardo Oiartzabal Mitxeo, 38 urteko arrantzaleak atera zuen. Bere bizitzan arrantzatu duen lehen izokina ere izan zen Lehenbizikoa.
Izokina arra zen eta Oronoz-Mugairiko haztegitik ateratakoa, markak baitzituen. 4,750 kiloko pisua eta 77 centimetro luze zituen. Maiatzaren 4an, igande eguerdian atera zuen Endarlatsa inguruan, Los 50 bezala ezaguna den putzuan.
Eduardo Oiartzabalentzat sekula arrantzatu duen lehen izokina izan zen igandekoa. Izan ere, aspalditik amoarrain arrantzan ibiltzan bada ere, duela bi urte arte ez zuen izokinarena probatu. «Ikusi eta aunitz gustatu zitzaidan ikusi nuena», aipatu zuen. Beraz, izugarrizko poza eta ustekabea izan da beretzat denboraldiko lehenbizikoa ateratzea. Bere azken txanda akitzen ari zenean hautsikitu zuen amua izokinak eta hamar minutuko lanari eta inguruan zituen beteranoen aholkuei esker lortu zuen ateratzea.
Iruñeko Maissonave hotelak 1.700 euro ordaindu dizkio Lehenbizikoarengatik, Bidasoan saltzen ahal den izokin bakarrarengatik.
Beharrezko neurriak eta datuak hartu ondotik, Berako Ehiza eta Arrantza Elkartearen izenean Lorenzo Jaurena presidenteak Lehenbizikoa arrantzatzeagatik oroigarria eman zioten Doneztebeko arrantzaleari, baita, arrantzarako txalekoa eta zapela ere.
Behin Bidasoko izokin denboraldia irekita, 66. alea ateratzerakoan edo uztailaren 15ean itxiko da sasoia.