Maiatzaren 1eko Langilearen Nazioarteko Egunaren harira mobilizazioak deitu dituzte LAB sindikatuak, Ernai gazte erakundearekin batera eskualdean. Apirilaren 25ean, ortziral arratseko 8:30ean Berako Espidobaitan solasaldia eskainiko dute, “Sindikalgintzaren papera Euskal Herriko nazio askapen borrokan” izenburupean.
Apirilaren 28an, astelehenean, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren baitan kontzentrazioa deitu dute Lesakako Eskol Ttikin, “Osasuna ez da negozioa, Mutuen erreformari ez!” izenburupean.
Maiatzaren 1ean manifestazioa Donezteben
Langileok erabaki Euskal Herriak erabaki dezan goiburupean, maiatzaren 1erako Baztan-Bidasoaldeko manifestazioa deitu du LAB sindikatuak Donezteben. 12:00etan abiatuko da Avia gasolindegitik. LABek idatzi baten bidez jakinarazi duenez, «bestelako Euskal Herri bat beharrezkoa dela, bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat beharrezkoa dela eta, batez ere, inposaketen gainetik, eredu hori eraikitzea guri dagokigula, aldarrikatu izan dugu. Orain, erabaki hori errespetaraztea dagokigu eta horretara goaz!».