Malerrekako herri eskolen IV Joku topaketa edizioa ospatu zen apirilaren 15ean Sunbillan. Aste Santuko oporraldiaren aitzinetik, goiz goizetik eguraldia lagun zutela zonaldeko sei herri eskoletako 204 ikasle eta irakasleak Sunbillako frontoian elkartu ziren. Ikusi argazkiak
Topaketako kantuarekin hasiera eman zioten jaialdiari eta ondoren adinka taldekatu eta gero, goiz osoan hiru tailer desberdin egin zituzten: plastika tailerrean txikienak kartulinezkoa kometa polita batzuk egin zituzten eta lehen hezkuntzakoek berriz beraien esku trebezia martxan jarri zuten artilezko kometak egiteko. Bigarren tailerra, berriz, parkean egin zen herri kirol saio polit bat izan zen eta hirugarren tailerrean ipuin kontalari bat aritu zen ingelesez udaletxeko ganbaran. Goiza ekintzez bete betea izan zuten, baina ez zen horrekin akitu. Denak elkarrekin Sunbillako plazan bazkaldu ondoren, frontoian ekintza berezia egin zuten. Mahai jolas tailerra, tailer honen helburu nagusia denak elkarrekin jolastea, eta jolasteko beste jolas mota desberdin batzuk ezagutzea izan zen. Hau burutzeko Burlatako Regalos Gil dendakoen borondate ona ezinbestekoa izan zen. Beraien dendako jolas berezi asko ekarri zituzten denek disfrutatzeko eta, egia erran, asko gozatu zuten. Ekintza honetan gurasoak ere gonbidatuak zeuden beraien seme alabekin jolastera etortzera, eta arratsalde bikaina pasatu zuten denek.
Eguna akitzeko musika soinuaren atzetik frontoitik plazaraino joan ziren eta han bukatu zen Malerrekako herri eskolen Joku topaketa eguna.
Eskertzekoa
Egun polita izan da benetan egun hau, baino dena ongi ateratzeko eta ekintza guztiak aurrera eramateko jende askoren laguntza behar da. Horregatik eskoletako ordezkariek Sunbillako herriari eskerrak eman nahi dizkiete, bereziki Udaletxeari, «urtero prest egoten delakoz gure beharra guztietan laguntzeko. Udaletxeko langile den Juanjori bere borondate onagatik. Aurten eskertu nahi genuke ere Ulibeltza elkartea, arratsaldeko mahai jolas tailerra egiteko beharrezko genuen materiala uzteagatik. Eskerrak ere tailer hau egiteko lagundu duten guraso eta atautxiei, batzuk mahaietan arduradun bezala egonez eta beste batzuk berriz frontoiko antolaketan. Eta azkenik eskerrak Burlatako Regalos Gil dendako Olga eta Amaiari ekintza hau aurrera eramateko aurretik egindako lanagatik eta ekarri zituzten joku guztiak ekartzeagatik».