Urteetako lanaren ondotik, Aste Santurako irekiko dituzte ateak Igantziko Irrisarri Land eta Elizondoko Beartzun auzoko Baztan Abentura Park-ek. Igantzin, dagoeneko herritarrek instalazioak probatzeko aukera izan dute asteburu honetan.
Irrisarri Land
Igantziko Irrisarri Land Abentura parkeak 200 lagunentzako ostatu emateko eta egunean 400 bisitari hartzeko modua eskaintzen du. Baina bisitari eta turistentzat ez ezik, Bortziriak eta inguruko bizilagunek erabiltzeko modua ere eskaini nahi dute. Dagoeneko 24 lanpostu sortu dituzte.
Parkea egunero irekiko da, 10:00etatik 19:00etara urritik martxora eta 20:00ak bitarte apiriletik irail hondarrera. Sarrera 10 euro gostako da eta horren truke, monitorerik behar ez duten jarduera guzietan aritzen ahalko da: ibilbideak, zubi tibetarra, jolastoki eta bike park (erremonterik gabe). Monitorea behar duten ekintzetan prezioak ezberdinak izanen dira. Berrikuntza modura, helikopteroan 10 minutuko hegaldiak ere egiten ahal dira, larunbat eta igandetan.
Irrisarri Land-ek eskaintzen dituen instalazioen artean, Jolastokia, Canopy, penduloa eta Bike Park-a daude, bertzeak bertze.
Ostatua hartzeko, aterpea, Basajaun basoko etxolak eta Irisarri jauregiko apartotela proposatzen ditu Irrisarrik.
Baztan Abentura Park
Ortzegun honetan, apirilak 17, “Baztan Abentura Park-eko lehenengo zatia irekiko da. Parke berri hau Elizondoko Beartzun auzoan kokatua dago. Egitasmo berri honen sustatzailea BKZ-Nafarroa Abentura da eta irekiko den lehenengo zati honetan Beartzungo arroileko haitz ikusgarrietan kokatuta dauden tirolina handiak (ausartenendako, 300-340-400 eta 480 metroko luzera eta 120 metrotako altuera dute), tirolina txikiak (50-60-70-80 metroko luzera) eta zankako presan kokatuta dagoen arroila (bertan txirristak, saltoak, rapelak, eta ferrata bideak daude) irekiko dira.
Irekiera ortzegun eguerdiko 12etan izanen da, eta BKZko langileak eta parkea eraiki duten langile guziek parte hartuko dute. Inaugurazio ofiziala aurrerago egingo da, diseinatu diren azpiegutura guziak bukatzen direnean; Nabarmentzekoa da pendulo erraldoia (salto hau arroilan bertan 100 metroko alturan kokatuko dago, benetan ikusgarria da). Halaber bertze pendulo txikiago bat ere irekiko da, 30 metrotako saltoa izanen da eta Beartzungo arroileko ur jauzietan egongo da kokatuta. Lehenengo fase honekin bukatzeko 180 metrotako bide ferrata eta ibilbide panoramikoa irekiko dira.
Datorren urtean, bigarren fasea bukatzen dutenean, Baztan Abentura park nazioarteko parkerik garrantzitsuenetariko bat bilakatuko da. Azken fase honetan 1.300 metrotako 3 megatirolina egingo dira, 6 kilometrotako tirolinen zirkuitua osatuz, munduko ibilbide luzeenetariko bat.
Ortzegun arratsaldean ateak irekita egonen dira parkea bixitatu nahi duten guzientzat, txikiendako puzgarriak, taloak etb. egonen dira.