Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, apirileko hondarreko igandean ospatuko dute Baigorrin Nafarroaren Eguna, hilaren 27an. Basaizea Kultur Elkarteak antolatuta, ez da animaziorik faltako. Egun osoan karrikak alaitzen dantzariak, bertsolariak eta musikariak ariko dira. Baina ekitaldi gehiago ere izanen dira Euskal Herri guzitik etorritako milaka lagunen bilgune bilakatuko den bestan.
08:00etan askaria eskainiko du Baigorriko ikastolak eta goiz osoan merkatua izanen da plazan.
11:00etatik aitzinera desfilea hasiko da, eta txalapartalariek, bertsolariek, joaldunek, erraldoiek, dantzariek, gaiteroek eta trikitilariek, Mutiko alaiak eta Karmeleren irrintziak hartuko dute lekukoa. Basaizeak ere orduan hartuko du hitza.
14:00etan bazkaria izanen da Pentzean eta arratsaldean plazan kirol animazioaz gain, dantza ikusgarria izanen da Iruñea, Leitza eta Monteagudoko dantzariekin, baita dantza jauziak ere Ezpela txarangarekin, Kiki Bordatxorekin eta Laket taldearekin.
17:00etatik goiti kontzertuen txanda izanen da. Xokoan Trikidantz, Mc Onak, Damba, Holako eta Euskal karaokearekin gozatzeko aukera izanen da eguna borobiltzeko.