UEMAk, Mankomunitateko kide diren Nafarroako udalekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du abian. Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi, Lesaka, Baztan, Basaburua, Araitz, Areso, Goizueta, Larraun, Leitza, Etxarri-Aranatz eta Arbizuko udalerrietan, milaka eskuorri banatu dira etxez-etxe kanpainaren berri emateko. Alde batean errenta euskaraz egin ahal izateko dituzuen bideen berri ematen dute, eta atzealdean, joan den urtean jasotako datuak ageri dira taula batean. Nafarroan UEMAko herrietan egin ziren errenta aitorpen guztietatik zenbat izan ziren euskaraz erakusten du taulak. Gure eskualdeari begiratuta datuak, orohar, baxuak dira: Bortzirietan jasotako daturik altuena Etxalarkoa da, %3,73koa, Baztanen %2,52a eta Leitzaldean %17a. Deigarriak dira datuak, iaz euskaraz egitearen aukera herritar gutxi batzuk hautatu zuten seinale. Aurten, portzentaje horiek igotzeko asmoz, errenta aitorpena euskaraz egitera animatzen zaituztete UEMAk eta baita zuen udalek ere.
Azken batean, kanpainaren bitartez, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi da. Bide horretan, errenta aitorpena euskaraz eginda euskarari bide berriak irekitzeaz gain, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatu nahi da. Hizkuntzaren normalizazioa lortzeko euskara eremu guztietara hedatu behar da, eta horretarako, garrantzitsua da herritarrek euskaraz osotasunean bizitzeko hautua egitea. Udalerri euskaldunetako herritarrok eredu eta aitzindariak izan gaitezke horretan.
2014 urteari dagokion errentaren gaineko aitorpena egiteko kanpainan, zergadunek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko. Horretarako, lehen urratsetik zein hizkuntzatan egin nahi duten aukeratu behako dute.