Euriak ez zuen izutu 12 laguneko koadrila eta gidari lanetan aritu zen Xantiri segika, Donezteben barna mendi itzulia osatu zuten martxoaren 26an. Dena den, bideko zenbait zati hondatuta zeudenez hasieran burutan zuten ibilbidea moldatu zuten. Oiz, Donamaria, Gaztelu eta Legasan barna bueltaxka osatu beharrean, Ituren aldera jo eta handik Oizko kanposantura jeitsi ziren, Donamarian barna Doneztebera iristeko. Santa Maria jatetxean ongi irabazitako bazkaria egin zuten gero. Ibilaldian kilo bat galdu eta bazkarian pare bat irabazi omen zituzten. Eskualdeko herrietan barna mendi itzuliak eginez segitzeko asmoa dute eta datorren irteera antolatua dute dagoeneko. Leitzan barna eginen dute ibilaldia apirilaren 24an, herriko plazatik abiatu eta Santa Kruz ermitara igoko dira. Handik, haize errotetara, Kornietara eta Erasote auzora jeitsiko dira gero, Plazaolako bideari segika herrira itzultzeko. Bazkaria, Arakindegian eginen dute.