Apirilaren 3an egin zuten Arkupeak Elkarteko Zuzendaritzako bilera eta bertan bi albiste garrantzitsu jaso genituen. Batetik, diru kontuei dagokiena, hamaika oztopo izan diren arren, 2013ko balantzea positiboa izan baita. 1.291,08 euro ditu elkarteak, CAN eta Nafarroako Gobernuaren bidez lortzen ziren diru laguntzak nabarmen murriztu diren arren.
Bestetik, 47 bazkide berrik eman dute izena elkartean eta dagoeneko 2.615 bazkide ditu Arkupeak Elkarteak.
BOLETIN BERRIA MAIATZEAN
Maiatz bukaeran kaleratuko da boletin berria eta bertan jasoko da datozen hilabeetarako antolatu diren ekitaldi eta bidaia guztien gaineko informazioa. Bidaia luzeen gainekoak, hitzaldiak, ikastaroak.... datorren aldizkarian aurreratuko dizkizuegu xehetasun gehiago.
Dena den, boletin berria esku artean eduki aurretik ere apirilean zehar, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Hurrengo hitzordua apirilaren 10ean izanen dute Arkupeakeko kideek, urteroko ohitura mantenduz Donezteben egitekoa den gimnasia egunean. Kirol pixka bat egiteko aitzakian, bestarako tartea izanen dute.
Apirilaren 23an berriz, Ordiziako artzain egunera antolatu dute bidaia. Goiza bertan pasa ondotik, Azpeitiko Kiruri jatetxean bazkaldu eta dantzaldia izanen da 19:00ak arte.