Mikel Lasarte barañaindarrak hirugarren aldiz irabazi du 14 eta 18 urte bitarteko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Eskolartekoaren 28. edizioa apirilaren 4an jokatu zen Iruñeko Kalekalde elkartean eta Maddalen Lopez lesakarra azpitxapeldun izan zen.
Zortzi bertsolari gaztek hartu zuten parte Eskolartekoan: Ainara Ieregi (Barañain), Manex Mailharin (Berriozar), Sarai Robles (Barañain), Mikel Lasarte (Barañain), Jokin Pinatxo (Bera), Maddalen Lopez (Lesaka), Joanes Illarregi (Leitza) eta Xabat Illarregi (Leitza).
Azkenean, Lasartek jantzi zuen Nafarroako bertsolari gazteen txapela, eta Maddalen Lopez lesakarra izan zen bigarren sailkatua. Biek ordezkatuko dute Nafarroa ekainaren 21ean Orion jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan.
Alaitz Rekondok aurkezle lanak egin zituen, eta Mikel Beaumont, Ekintza Landa eta Nerea Bruñok epaitu zuten saioa.
Saioaren ondotik, bertso-merendua izan zen, Julen Zelaieta eta Amaia Elizagoien bertsolariekin.