Hautsak harrotu ditu Abortu legearen erreforma proposamenak. Karriketan, «gure gorputza, gure erabakia» erranaz erantzun diete politikariei hainbat eta hainbat herritarrek. Tartean Nafarroako Abortatzeko Eskubidearen aldeko batzarreko kideek. Eskualdeko herritarrak ere batzarreko kide dira eta haietako batzuekin solastu dugu, hainbeste zauri sorrarazi dituen proposamenaz. Aldarrikapen guztien atzean, argia da oinarria «ama izan edo ez izan erabakitzeko emakumeok dugun eskubidea»
Eneritz IRAOLA
Zein da egiten duzuen aldarria?
Abortua libre eta dohain osasungintza publikoan egin ahal izatea aldarrikatzen dugu. Erabakitzeko eskubidean kokatzen dugu gure eskarien mamia; ama izan edo ez izan erabakitzeko dugun eskubidean.
Sistema berriaren oinarria zein izanen da?
Lege aurreproiektu honen oinarria abortua delitu izatea da, umekia eskubideak dituen subjektua dela diote. Baldintza eta epe zehatz batzuei erantzutean bakarrik burutuko litzateke. Kontutan izan behar da, baldintza horiek legegileek, medikuek... ezartzen dituztela, emakumearen borondatea kontutan izan gabe.
Zeintzuk dira atzerapauso latzenak?
Egun indarrean dagoen 2010eko legeak itzalak eta argiak dituen arren, nabarmentzen dugun alderdi positibo bat hamalaugarren astera bitarteko haurdunaldiak eteteko epea da. Epe honetan emakumeak hartzen ditu erabakiak, inoren presiorik eta baimenik gabe. Abortuen %93ak epe honen baitan burutzen ari dira eta epea murriztu nahi dute. Atzerapauso latzenetakoa izanen da, baina orokorrean zailtasunak ugarituko zaizkie abortatu nahi dutenei: adingabekoek erabaki ezina, tramitazioen konplikazioa, emakumearen biktimizazioa... Lege berriak kontzientzi eragozpenari ere ateak zabalduko dizkio; azken unean atzera egin ahalko dute sendagileek.
Emakumea eta enbrioiaren eskubideak parean jartzen dira.
PP-ren ustetan enbrioiaren eskubideak aintzat hartu behar dira, eskubideak dituen “subjektua” baita. Bi eskubideren arteko gatazka sortzen da eta enbrioia babestu beharreko defentsarik gabeko izakia da PP-ren ustetan. Guretzat tesi ideologikoetan oinarritutako ideiak dira hauek, ez du ez buru ez hankarik emakume eta enbrioiaren eskubideak parean jartzeak.
Abortu kopurua “gutxituko” dela diote erreformaren aldekoek…
Hori da Gallardonen argudioetako bat. Ikerketek beste zerbait diote: lege zorrotzago batek ez ditu haurdunaldi ez desiratuak murriztuko. Abortu maila jaisteko sexu hezkuntza politika globalak eta hezkidetzagileak behar dira. Neurri prebentiboek jaitsi dituzte praktika sexual ez ziurrak, ez lege murriztaileek. Munduan 70.000 emakume inguru hiltzen dira abortuak baldintza kaskarretan burutzeagatik, gehienak lege zorrotzak dauden herrialdeetakoak.
“Erabakia pentsatzeko” denbora luzatzeak zer eragingo du?
Gure ustetan emakumeok horrelako erabaki bat hartu aurretik nahikoa pentsatu dugu zer egin nahi dugun gure bizitzekin. Halako erreformekin badirudi emakumeok ez dugula erabakiak hartzeko gaitasunik. Denbora luzatze honen oinarrian gaizki dagoen zerbait egitearen kutsua dago eta beste erabaki bat hartzeko konbentzitzeko nahia. Beste edozein esku-hartze medikutan ez dute pentsatzeko eperik ematen erabakiak berretsi aurretik.
Zer egin liteke erreformaren aurka?
Emakumeok antolatu eta borrokatu beharra dugu lege hau aurrera atera ez dadin. Egun oraindik, egiteko asko dago sexu eta ugalketa eskubideen alde. Emakumeok egoeraz kontzientzia hartu eta gure gorputzaren jabe izateko bidean lanean segi behar dugu. Herri, auzo, institutu, gaztetxe, elkarte... askotan hamaika dinamika burutzen ari dira abortatzeko eskubidearen alde. Irakurleei deialdiei adi egon eta antolatzen diren ekimenetan parte hartzeko deia egin nahiko genieke.
ONDORIO MAKURRENAK
«Estatu mailan 118.000 abortu inguru ilegalak izango dira urtero, orain arte 14.astea bitarte burutzen zirenak hain zuzen. Abortu klandestinoak ugarituta, arrisku egoerak ere areagotu eginen dira emakume eta profesionalentzat. Datuek erakusten dute lege zorrotzagoak dituzten herrialdeetan abortu tasa altuagoa dela sexu eta ugalketa eskubideak lantzen direnetan baino»