Juan Larramendiren margo erakusketa ikusgai dago apirilaren 16tik maiatzaren 21era Iruñeko Conde Rodezno arte galerian. Inaugurazio ekitaldia apirilaren 16an egin zen.
Asteartetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara, astelehenetan 18:30etik 21:00etara eta besta egunetan 12:00etatik 14:00etara izanen da ikusgai.
Juan Larramendi
Juan Larramendi (Bera 1917-2005) margolari beratarra Bidasoako eskolako kiderik ospetsuenetariko bat izan zen. Artearen gaineko ikusmolde berberari eutsi zion artistak: paisaia, paisaia, eta paisaia. Oso gaztetan hasi zen margotzen. Aitaren baimenarekin, bere koloreko arkatzez apaintzen zituen etxeko sukaldeko hormak.
Naturarekin maitemindurik, Bidasoako paisaiak margotzen hasi zen. Dena den, Ricardo Barojak emaniko adoreari esker ekin zion pinturari. 1944an egin zuen lehenengo erakusketa, Bilbon. Hurrengo urtean, Iruñean erakutsi zuen obra, eta, 1946an, Donostian eta Mar de Platan (Argentinan), Flores Kaperotxipiren estudioan.
Gerraondoko giroa, egoera ekonomiko latza eta Parisen ezagutu zuen arte korrontea zirela eta, Venezuelara abiatu zen. Han sortu zen bere semea, eta utzi behar izan zuen pintura, artearekin bizitzea aski zaila baitzen. Jatetxe bat ireki zuen emaztearekin, eta baztertu egin zuen pintura. 23 urte eman zuen koadro bakar bat ere margotu gabe. 1969an Euskal Herrira itzuli eta denbora gutxira, Bilbon bertze erakusketa bat eginik, arrakasta nabarmena izan zuen han. Harrez geroztik, etengabe jarraitu du margotzen.