Bertso giro bikaina izan zen Bardoen Lesakako finalean

TTIPI-TTAPA 2014ko apirilaren 14a

Baztango Lepatanatuek, hasierako agur umoretsuan. Aitor Arotzena

Baztango Lepatanatuek 2 taldeak irabazi du taldekako ekimenaren bigarren edizioa

Giro ederrean bukatu da Lesakan Bardoak Nafarroako taldekako ekimenaren bigarren edizioa. 360 lagunek bete dute herriko frontoia eta taula gainean hiru taldeek eskaini duten bertso saioarekin disfrutatu dute. Ikusi argazkiak

Giro ederrean bukatu da Lesakan Bardoak Nafarroako taldekako ekimenaren bigarren edizioa. 360 lagunek bete dute herriko frontoia eta taula gainean hiru taldeek eskaini duten bertso saioarekin disfrutatu dute. Ikusi argazkiak

Hiru ziren talde finalistak eta bederatzi bertsolari igo dira oholtzara: Lepatanatuek 2 taldean Xabier Maia, Oier Amiano eta Kotte Plaza; Bertze maldikoak taldean, Aimar Karrika, Ainhoa Aranburu eta Oskar Sanz de Acedo eta Harrapazank taldean, Migel Mari Elosegi “Luze”, Iñigo Ibarra eta Joanes Illarregi. Era berean, hiru aurkezle izan ditu saioak, talde bakoitzetik bana: Fernando Anbustegi (Lepatanatuek 2); Miren Bidarte (Bertze maldikoak) eta Jon Oronoz (Harrapazank).

Bortzirietako Bertso Eskolako kideek eman diote hasiera saioari, Bardo guztiei Lesakara ongi etorria emanez. Saioa ariketa klasiko batekin hasi dira, taldekako hasierako agurrekin. Irudimen handia erakutsi dute hiru taldeek, leitzarrek dantzan, iruindarrek 70eko klasiko baten bertsio diskoa eginez eta baztandarrek txipirioez jantzita.

Hortik aitzinera, saioak bizi eta umoretsu segitu du, banaka eta taldeka egin behar izan dituzte ariketak bertsolariek. Entzuleek ere parte-hartzeko aukera izan dute ariketa batean, bertsolariek kantatutako bertsoei azken oinak emanez. Bertzelako finaletan ezohiko ariketak izan dira Bardoenean entzun direnak.

Saioko irabazlea Bardoen ekimenean parte hartu duten beste hamahiru taldeetako ordezkariek eta entzuleek erabaki dute, haien bozkaren bitartez. Horren arabera, Baztango Lepatanatuek 2, txipiroien itzulera taldea izan da Bardoak Nafarroako taldekako ekimenaren bigarren edizioko irabazlea. Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eman die saria taldeetako kide guztiei, Bardoen zapi bana eta otar eder bat. Sari bera jaso dute finalean aritu diren beste bi taldeek. Saria Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Maider Arrieta Lesakako Kultura zinegotziak eman diete.

Ez dira finalistak saria jaso duten bakarra. Bertze hainbat sari banatu dituzte Bardoen finalean: hasierako agurrik onenari Lesakako Zortziko Haundiena taldeak eraman du, Bardoen talde errebelazioarena Barañaingo Miluzeko barañetak eta Barardoak taldeek; Bardoen izpirituarena Larraungo Paalletan Mocedadesek, otordu onenarena Baztan Malerrekako Etxeko Kontuk taldeak eta saio onenaren antolaketarena Etxarri Aranazko Bilixkorrikok.

Bederatzi bertsolarien bukaerako agurrekin bukatu da Lesakako finala. Baina bertso festak segida izan du, segidan herrian barna egin zen bertso-poteoarekin eta ondoren Linddurrenborda sagardotegian egindako afariarekin. 125 lagun bildu ziren giro ederrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun