Nafarroaren Eguna girotzeko Kulturaldia antolatu dute aurten ere

TTIPI-TTAPA 2014ko apirilaren 3a

Haur, gazte eta helduentzako ekitaldiak prestatu dituzte

Urtero bezala, apirilean Kulturaldia antolatu du Baigorriko Basaizea Kultur Elkarteak, «gure arba­soen altxorra den euska­ra eta nortasunaren alda­rrikatzeko hi­tzordu nagu­sia». Hilaren 27an Nafa­rroaren Egu­­narekin borobilduko dute egitaraua, baina ai­tzinetik hain­bat ekitaldi izanen dira­.

Apirilaren 11n presoen aldeko gaualdia anto­latu dute Bixentainean. Presoen aldeko elkarretaratze bat eginen dute lehenik plazan, ondotik zintzur bustitzea txaran­garekin, eta Donostiako On rock taldeak kontzertua eskainiko du gero. Gaualdia bukatzeko DJ Xabi izanen da.

Biharamunean, hilak 12, Ukrainiako Lviv hiriko dantza taldearen emanaldiaz gozatzeko aukera izanen da. Ez da dan­tza talde soila, elkartasun keinu bat ere egiten baitu Ukrainiako hiru umezurztegiri lagun­duz. 21:00etan izanen da Plaza Xoko gelan. Sarre­rak erreserbatzeko (0033) 610971084ra deitu behar da. 12 euro­tan daude helduentzat eta 8 eurotan haurrentzat. 

Apirilaren 18an He­rrian bizi, herrian bizi arazi... lelopean gogoeta gaualdia antolatu dute. Lasako gelan izanen da 20:30etik goiti.

Apirilaren 19an, Alain­ Urrutia, Andoni Egaña, Oier Guillan eta Rafa Rue­darekin Grabiel Arestiri eskainiko hitzordua antolatu dute. Bil Etxean­ izanen da 19:00etan.

Apirilaren 22 eta 23rako haurraren eguna pres­tatu du Basaizeak. Hilaren 23an, erraterako, men­di ateraldia, eskulanak, jokoak... izanen dira. 

Apirilaren 26an Mikel Laboaren kantak aditzeko aukera izanen da plaza xokon, 21:00etan. Biharamuneko Nafarroaren Egu­narekin emanen diote bukaera aurtengo Kulturaldiari. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun