Arantzako Aterpeak, Beintza-Labaiengo aterpetxeak eta Bertizko Turismo Partzuergoak Euskaraz Blai Euskarazko Udalekuak kanpaina aurkeztu dute martxoaren 25ean, astearte goizean Bertizko Partzuergoaren egoitzan. 15 urte beteko ditu aurten gazteen artean euskara suspertu eta indartzeko asmoz egiten den udalekuak. Kanpainaren berri eman zuten Bertizko Partzuergoko Estitxu Iparragirrek, Beintza-Labaiengo aterpetxeko Mikel Albisuk eta Arantzako Aterpeko Xabi Zugarramurdik.
Euskarazko Udalekuak-Euskaraz Blai egitarauan, hizkuntzan trebatzeaz gain, gazteek esperientzia aberasgarria izanen dute, aisialdirako jarduera erakargarrien bidez, Arantza eta Beintza-Labaien ezagutu erta naturaz gozatuz. Aurtengo berrikuntzen artean: egonaldiak 5 gauekoak izan beharrean 6 gauekoak izanen direla (igande arratsaldetik larunbatera), baserriari buruzko eguna eta, taldearen adinaren arabera, “bibak” gaua (izarpean lo egitea) antolatuko dituzte.
Bertiz Partzuergo Turistikoak antolatu du aurtego kanpaina eta haren bidez egin behar da matrikulazio prozesua apirilaren 1etik maiatzaren 9ra www.consorciobertiz.org webgunean. Urtero bezala, guraso eta tutoreekin informazio bilera ekainaren 13an, arratsaldeko 6etan eginen da Bertiz Partzuergo Turistikoan.