Euskal herritartasuna bultzatuko dute eskualdeko hainbat hautetsik

TTIPI-TTAPA 2014ko apirilaren 3a

Euskal Herri osoko 30 alkatek baino gehiagok parte hartu zuten aurkezpenean. TTIPI-TTAPA

Euskal sinboloen eta interneteko domeinu propioen erabilera bultzatu nahi dute

Euskal Herriaren eta euskal herritartasunaren aitortza bultzatzeko konpromisoa hartu du Udalbiltzak eta bide ho­rretan Euskal herritarrak gara ebazpena aurkeztu du, hiru lan-ildo zehaztuz: euskal sinboloen erabilera bultzatzea, Interneteko domeinu propioen erabilera sustatzea (.eus) eta euskal herritartasuna publikoki adieraziko duen agiri ofizial bat sortzea. Hautetsi eta herritar guztiei dei egin die Udalbiltzak lan-ildo horiekin bat egiteko.
 
Joan den otsailean Ordizian hautetsien bilkura egin zen, eta orduan erabaki zen euskal herritartasuna izeneko lan-ildoa abiaraztea. Horren ondotik, Udalbiltzak partehartze prozesu bat egin zuen 200 alkate eta zinegotziren ekarpenak bilduz, eta behin hori eginda,  Do­nos­tian azaldutako ebazpena hurrengo hilabeteetan eginen diren ekimen sail baten abiapuntua izan da. Zehazki, martxoaren 17an egin zuten aurkezpena Donostiako Miramar jaure­gian eta Euskal Herri osoko 30 alkate baino gehiagok parte hartu zuten. Tartean ziren Jaime Iturria Arantzako alkatea, Ur Algero Aresoko al­katea, Migel Mari Irigoien Etxalarko alkatea, Lourdes Ibarluzea Igan­tziko alkatea, Mari Jose Bereau Iturengo alkatea eta Xebe Txoperena Lesakako alkateordea. Hala ere, Udalbil­tzaren hautetsi guztiek egina dute ekimen honekin bat, eta eskualde­tik Arano, Arantza, Areso, Baztan, Bera, Bertizarana, Donamaria, Etxalar, Goizueta, Ituren, Leitza, Lesaka, Sunbilla, Sara, Senpere eta Azkaineko hainbat alkate eta zinegotzik.
 
HIRU ERRONKAK
Alde batetik, euskal sinboloen erabilera bul­tzatu nahi du Udalbil­tzak. Eremu instituzionalari dagokionez, Euskal Herriaren izatea ain­tzat hartzen duten bulego-paperak, seinalizazioa eta irudi korporatiboa sustatuko ditu udaltxeetan. Gisa berean, herritarren esku behar diren baliabideak ja­rriko dituela erran du, «haien nortasun nazionala agerian eta modu pulikoan adieraz dezaten, hala nahi badute».
 
Bigarrenik, Interneteko domeinu propioen erabilera sustatuko du Udalbiltzak. Euskal He­rriko udalen web orrietan .eus-en erabilera proposatuko du eta eremu pribatuan domeinua zabaltzeko xedearekin ekimenak ere eginen ditu.
 
Azkenik, euskal herri­tartasuna publikoki adieraziko duen agiri ofizial bat sortzea ere bul­tzatuko du Udalbil­tzak. «Herritarren atxiki­mendu librean oinarrituko da eta Euskal He­rriaren kultura, hizkun­tza eta identitate espresio anitzekiko errespetuzko jarrera mantenduko du». Horretan lanean ari dela jakinarazi dute Udalbiltzatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun