Partidetan pilotariari momentuko jokoa hobetzen laguntzeko aholkuak ematea izaten da botileroen lana eta pilotaria urduri baldin badago lasaitzen saiatzea. Entrenamenduetan eta pilota aukeraketetan ere maiz pilotarien ondoan daude, euren ekarpena egiteko prest. TTIPI-TTAPA Asier Olaizola, Asier Gartzia eta Mololo Irigoienekin solastu da.
G. PIKABEA
Aholkuemaile soilak baino gehiago dira. Anaiak edo lehengusuak izan daitezke, baina baita lagunak ere, pilotarien konfidantzazko lagunak. Partidan ikusle ere badira, baina ikusle zorrotz, kontrakantxako eserlekuan jarrita erne eta urduritasun puntuarekin ikusten baitituzte euren pilotarien partidak. Horiexek dira botileroak.
Partidetan aholkuak ematen dizkiete pilotariei, maiz psikologo lana eginez. Kasu batzuetan entrenamenduetara ere laguntzen diete edo pilota aukeraketetan ere eskua botatzen diete, pilotariak berak zer nahi duen ongi dakien arren lau begik bik baino gehiago ikusten dutelako.
Botileroen lana zein den ezagutu nahi izan dugu, euren bizipenak bildu. Eta horretarako jo dugu Asier Olaizola goizuetarrarengana, Asier Gartzia leitzarrarengana eta Mololo Irigoien lesakarrarengana. Hiru pilotari haundiren botileroak dira, Asier Olaizola bere anaia Aimarren botileroa da, Asier Gartzia Oinatz Bengoetxea bere lehengusuaren botileroa eta Mololo Irigoien Abel Barriola bere lagunaren botileroa. Pilotariek hala nahi badute, euren ondoan segitu nahiko luketeela diote, borondate osoz, kontent daudelako eta gustuko dutelako egiten duten lana.
Asier OLAIZOLA | Aimar OLAIZOLAREN BOTILEROA
«Zuriz dagoenak egin behar ditu gauzak eta botileroak kanpotik gutxi egin dezake»
Frontoiko kantxa eta kontrakantxako aulkia. Biak ere ederki ezagutzen ditu Asier Olaizola 38 urteko goizuetarrak. Ia 18 urte eman ditu profesionaletan, onenen artean jokatzen, bere eskuin kolpe ikusgarria erakutsiz eta binaka bi txapel ere lortu ditu. Joan den abenduaren 31n, ordea, kontratua bukatu zitzaion. «Pena» sentitu zuela esan digun arren, «urte asko neramatzan eta onartua nuen. Uste baino hobeki nago». Bizitza ez zaiola asko aldatu azaldu digu, «egunero kirola egiten segitzen dut». Dena den, pilota kolpetik uzteak pena ematen zionez, udan partida batzuk jokatuko ditu Garferekin.
Tarte horretan, ordea, ez dugu pilotalekuetatik urruti ikusiko, Aimar anaiaren botilero izaten segituko baitu, nahiz eta aitortu duen «zuriz jantzita gutxiago sufritzen dela». Anaiak profesionaletarako saltoa egin zuenetik bere botileroa da Asier eta bere hitzetan, «anaiak erabakitzen duen arte berekin segituko dut».
Botileroaren lana «gehienbat pilotaria lasaitzea» izaten omen da: «jokatzen ari dena askotan ez da konturatzen urduri dagoela, eta kanpotik detaile horiek ikustea garrantzitsua da». Jokoan daudenean, «partidatik ez ateratzeko» aholkatzen dio anaiari, «galtzen edo irabazten joan, garrantzitsuena kontzentrazioa mantentzea da, kontzentrazioa galduz gero, partidak buelta eman dezakeelako». Entrenamenduetan ere laguntzen dio anaia gazteari: «askotan elkarrekin entrenatzen dugu». Eta pilota aukeraketetara ere berekin joaten da, baina Aimarrek berak aukeratzen omen ditu pilotak: «pilotariak erabaki behar duen gauza bat da, eta nik ez diot pilota bat edo bestea hartzeko esaten».
Asierren irudiko, «zuriz dagoenak egin behar ditu gauzak eta botileroak kanpotik gutxi egin dezake, momentu jakin batzuetan laguntzen saiatu baino ez». Lan egiteko ez duela «inongo metodorik» kontatu digu: «botilero ona izanen naiz anaiarekin joaten naizelako». Eta bere lanetik gogorrena «anaiak momentu zailak eduki ditunean sentitzen den inpotentzia hori da. Galtzen ari denean, kanpotik lagundu nahi, eta askotan ezin izaten da».
Pilotari haundia da Aimar, eta bere anaiak ere «oso ongi» ikusten du. «Potentzial haundiko mutila da, berezko fisiko ikaragarria duena eta mentalki gogorra. Kirolari guztiek bezala, bere gorabeherak izan arren, partida jokatzean argi eta garbi edukitzen du zer egin behar duen». Izaeraz, aldiz, «nahiko lotsatia» dela dio Asierrek: «jendeak uste baino gehiago». Baina kirolari bezala, ez dago zalantzarik, puntako pilotaria da. Eta Asier bera ere iritzi berekoa da, harro mintzo baita anaiaz: «konjunto bat da. Dohain asko oso onak dauzka eta horrekin ikaragarrizko maila ematen du».
ANAIARI BURUZ
«Aimar konjunto bat da. Dohain asko oso onak dauzka eta horrekin ikaragarrizko maila ematen du».
Asier GARTZIA | Oinatz BENGOETXEAREN BOTILEROA
«Oso gustura egiten dudan lan bat da eta berekin momentu horiek konpartitzea luxu bat da»
Oinatz Bengoetxeak profesionaletan debutatu zuen arte, berekin ibili zen pilotan Asier Gartzia 34 urteko leitzarra. Bengoetxea VI.aren lehengusua ere bada, eta 2008tik bere botileroa. «Elkarrekin konfidantza haundia daukagu eta gauzak argi esaten dizkiogu elkarri». Bere hitzetan horixe da Leitzako aurrelariak beregan bilatzen duena. Botilero den aldetik bere lana «hasteko pilotaria bere tenplean partidara ateratzea eta berea egiteko zentratua ateratzea» dela azaldu digu, eta partidan zehar «pilotariak ikusten ez dituen gauzak detektatu eta adieraztea». Askotan errepikatzen omen dio Oinatzi «berea egitera ateratzeaz arduratzeko».
Lehengusuarekin ahalik eta denbora gehien egotea gustatzen zaio: «entrenamendu guztietara joaten naiz, txapelketa hasi aurretik eta txapelketan zehar. Pilota aukeraketetan ere berekin egoten naiz». Botilero guztiek bezala, berak ere bere lan egiteko modua du: «txapelketa hasi baino lehen prestakuntzarako izaten dugun denboran, jokatzeko baliabide onak lehenbailehen martxan jartzen saiatzen gara eta oso ongi egiten ez ditugun gauzetan enfasi gehiago jartzen, partida ailegatzean konpletoago egoteko». Partida garrantzitsuren bat datorrenean ere, «aurkariak zein lan egiten duen ikusi arren, gehienbat gure jokoan zentratzen gara». Izan ere, ez baitira samurrak izaten norgehiagoka garrantzitsu baten atariko egunak. Gartziak dioenez, «eromena» izaten da: «hor zaudelako seinale ona da, baina komunikabideetan elkarrizketa asko eman behar dira eta partidaren tentsioa ere nabaritzen da».
Bengoetxeak jokatzen ari denean duen «alaitasuna» nabarmendu digu Gartziak. Eta gaineratu digunez, «oso mutil gogorra eta zentratua da. Frontoian partida oro bere izaera erakusten du». Pilotari gehienen izaera frontoian ikusten dela pentsatzen du: «Oinatzek joko erasokorra, mugitua eta alaia egiten du. Hori bere izaera ere halakoa delako da. Horrelako pertsona da».
Kontatu digunez, «Oinatz ezinean edo aurkaria gainentzen ari dela eta bera oso momentu txarra pasatzen ari dela ikustea, oso gogorra da». Gainontzean, ordea, «elkarrekin daukagun harremanarekin gauza gogorrik ez dagoela» dio. «Oso gustura egiten dudan lan bat da eta berekin momentu horiek konpartitzea luxu bat da».
LEHENGUSUAREN JOKOA
«Oinatzek joko erasokorra, mugitua eta alaia egiten du. Hori bere izaera ere halakoa delako da»
Mololo IRIGOIEN | Abel BARRIOLAREN BOTILEROA
«Pilotaz pixka bat jakitea eta konfidantza izatea bilatzen dute pilotariek botileroengan»
Afizionatuen mailan munduko txapeldun izana da Mololo Irigoien. Orain, ordea, pilotako galtza zuriak utziak ditu eta botilero lanetan dabil 38 urteko lesakarra, Abel Barriola leitzarraren botilero lanetan. Mikel Goñiren botileroa ere izan zen urte pare batez, baina azken bizpahiru urteotan Barriolaren ondoan ari da, eta erran digunez, «gustura». Bere ustez, «pilotaz pixka bat jakitea eta konfidantza izatea» bilatzen dute pilotariek botileroengan eta bere kasuan, leitzarra laguna du: «orain ez naiz aunitzik egoten, baina Abelekin ordu aunitz pasatua naiz», aipatu digu.
Partida aitzinetik «partida prestatzea, aurkaria pixka bat ezagutu eta zein akats izaten ahal dituen ikustea» izaten da bere lana. Entrenamenduetan ere noizean behin laguntzen dio, nahiz eta ez lehen adina: «lehen Iruñera joaten nintzen eta elkarrekin entrenatzen genuen. Astean hiru aldiz egoten ginen, baina orain hainbertze ez». Partida jokoan dagoenean, berriz, «partida mila modutara hasi eta bukatzen ahal da eta tarte horretan ea zer pasatzen den ikusi behar dugu». Lesakarrak garbi du «botileroak deus gutti egiten ahal duela pilotariari laguntzeko. Pixka bat lasaitu, animoak eman...». Eta horixe da, hain zuzen, behin eta berriz ematen dion aholkua: «lasai egoteko, berak dakiena emateko». Dena den, onartu du «hori zaila dela, partidetan tentsio haundia izaten delako eta buruz burukoetan oraindik gehiago».
Zenbaitetan gaizki pasatzen duela ere aitortu digu:«lana ez da gogorra, pilotariari laguntzen saiatzen gara. Baina pilotaria gaizki ari bada, eta ezin duzula deus egin ikustean gaizki pasatzen da. Hala ere, kirola horrela da».
Ongi ikusten du Barriola. Psikologikoki «hagitz fuertea, langile amorratua» dela dio. Are gehiago, «beti lanerako eta beti hobetzeko prest dago. Kirolari aunitz ezagutu ditut baina Abel bezalakorik inor ere ez». Fisikoki ere «beti prestatua» ikusten du, «gaztetatik fisikoki hagitz ongi egon da». Eta izateko moduan Leitzako atzelaria nolakoa den galdetuta, hitz ederrak baino ez ditu izan lesakarrak: «kristoren pertsona da, arrunta eta ona, eskuzabala eta bromak gustatzen zaizkiona». Gustura dabilenez, «Abelek erraten didan arte, beti berari laguntzeko prest egonen naiz».
ABELEN INDARRA
«Kirolari aunitz ezagutu ditut baina Abel bezalakorik inor ere ez. Beti lanerako eta hobetzeko prest dago»