Urtero bezala, apirilean Kulturaldia antolatu du Baigorriko Basaizea Kultur Elkarteak, «gure arbasoen altxorra den euskara eta nortasunaren aldarrikatzeko hitzordu nagusia». Hilaren 27an Nafarroaren Egunarekin borobilduko dute egitaraua, baina aitzinetik hainbat ekitaldi izanen dira. Ikusi Kanalduderen aurkezpen bideoa
Apirilaren 11n presoen aldeko gaualdia antolatu dute Bixentainean. Presoen aldeko elkarretaratze bat eginen dute lehenik plazan, ondotik zintzur bustitzea txaranarekin, eta Donostiako On rock taldeak kontzertua eskainiko du gero. Gaualdia bukatzeko DJ Xabi izanen da.
Biharamunean, hilak 12, Ukrainiako Lviv hiriko dantza taldearen emanaldiaz gozatzeko aukera izanen da. Ez da dantza talde soila, elkartasun keinu bat ere egiten baitu Ukrainiako hiru umezurztegiri lagunduz. 21:00etan izanen da Plaza Xoko gelan. Sarrerak erreserbatzeko (0033) 610971084ra deitu behar da. 12 eurotan daude helduentzat eta 8 eurotan haurrentzat.
Apirilaren 18an Herrian bizi, herrian bizi arazi... lelopean gogoeta gaualdia antolatu dute. Lasako gelan izanen da 20:30etik goiti.
Apirilaren 19an, Alain Urrutia, Andoni Egaña, Oier Guillan eta Rafa Ruedarekin Grabiel Arestiri eskainiko hitzordua antolatu dute. Bil Etxean izanen da 19:00etan.
Apirilaren 22 eta 23rako haurraren eguna prestatu du Basaizeak. Hilaren 23an, erraterako, mendi ateraldia, eskulanak, jokoak... izanen dira.
Apirilaren 26an Mikel Laboaren kantak aditzeko aukera izanen da plaza xokon, 21:00etan. Biharamuneko Nafarroaren Egunarekin emanen diote bukaera aurtengo Kulturaldiari.