Nafarroako Haur eta Gaztetxoen Kantari Jaialdiak Beran egindako saioarekin hasi dira

TTIPI-TTAPA 2014ko martxoaren 31

Iturengo Pulunpa eskolako Joaldunak taldekoak "Euskara koloretan" kantari. Utzitako argazkia

Bera, Baztan eta Iturengo taldeak aritu ziren martxoaren 29an Kultur Etxean

Urtero bezala azken 20 bat urtetan, Nafarroako Haur eta Gaztetxoen Kantari Jaialdiak ospatuko dira. Lehenbizikoa Beran egin zen martxoaren 29ean (ikusi argazkiak), gure inguruko hainbat kantarirekin eta biharamonen bigarrena Etxarri Aranazen.

Urtero bezala azken 20 bat urtetan, Nafarroako Haur eta Gaztetxoen Kantari Jaialdiak ospatuko dira. Lehenbizikoa Beran egin zen martxoaren 29ean, gure inguruko hainbat kantarirekin (ikusi argazkiak) eta biharamonen bigarrena Etxarri Aranazen.

Berako saioan, Iruñeko Jaso ikastolako bi talde eta bakarlari bat aritu ziren. Baztan Ikastolako taldeak Vendettaren “Udarako gau luzeak” abestu zuen. Berako Jesusen Bihotzak ere bi talde taularatu zituen. Xuruflaia taldeak Abba taldearen “Mamma mia” kantatu zuen, seigarren mailako ikasleek prestatutako euskarazko letrarekin eta Larun Ttiki taldeak “Erromako Zubia” kantatu zuen, pianoaren laguntzaz.

Iturengo Pulunpa eskolatik, berriz, hiru talde aurkeztu ziren. Lehen Zikloko Joaldunak taldeak “Euskara koloretan” abestu zuen; bigarren zikloko 13 Mariatxiak taldeak Etzakit taldearen “Eskurik esku” eta hirugarren zikloko Urretxindor taldeak Txomin Artolaren “Aberriaren mugak”.

Jaialdi hauetan Nafarroa osoko haur eta gaztetxo guztiek daukaten aukera da: bakarka, binaka edo taldeka abesteko aukera da; oholtzaren gainean igotzeko aukera; euskal kantak interpretatzeko aukera; Nafarroako beste herrietako haur eta gaztetxoak ezagutzeko aukera… Aukeraz beteta dagoen emanaldi multzo hau aurten 4 Jaialdiez osaturik dago, Nafarroako lau herritan ongi banaturik.

Beran eta Etxarri Aranazen asteburu honetan egindako saioen ondotik, apirilaren 5ean Zangozan eta 6an Artikan eginen dira saioak. Hauen ondoren Nafarroako finala ere ospatuko da, maiatzaren azken asteburuan edo ekainaren lehenengoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun