Saran Laborde, Senperen Nousbaum eta Azkainen Fournier gailendu dira bozetan

Ttipi-Ttapa 2014ko martxoaren 31

Azkaine, Senpere eta Sarako datuak.

Senperen eta Azkainen sorpresa izan da ­eta bietan agintaldia auzapez berriek estreinatuko dute

Ustekabeekin iragan dira bozak Ipar Euskal Herrian. Orokorrean, Ipar Euskal Herrian zentro eskuina nagusitu da eta TTIPI-TTAPAk hartzen dituen hiru herriei erreparatuz, Sara, Senpere eta Azkainen denetarik izan da. Sararen kasuan, azken sei urtetan Sarako auzapeza izan den Labordek nagusitasunez irabazi zuen martxoaren 23ko lehen itzulian eta ez da bigarren itzulirik egin. Senpere eta Azkainen, aldiz, atzoko bigarren itzulian erabaki dira hauteskundeak eta ­bietan agintaldia auzapez berriek estreinatuko dute. Senperen zentro eskuinak irabazi du eta Azkainen independenteek.

Herriko kontseilu eta herri eta hiri elkargoetako bozak izan dira Ipar Euskal Herrian, eta TTIPI-TTAPAk hartzen di­tuen­ Sara, Senpere eta Azkaineko datuak aztertu ditugu. Aulkiak lortzeko lehian, herrita­rren partehartzea haundia izan da hiru he­rrietan, eta Saran bozak lehen itzulian erabaki baziren ere, Senperen eta Azkainen, biga­rren itzuliaren beharra izan da hauteskundeak deliberatzeko, lehen itzu­lian talde batek ere ez zuelako gehiengo absoluturik lortu.

Saran Laborde nagusi

Aurten estreinakoz, zerrenden alde bozkatu dute Saran, eta ez orain arte beza­la­ per­tsonei. Baina saratarrek garbi utzi­ dute zein­ nahi duten Herriko Kontseiluan ordez­kari. Jean Baptiste­ Laborderen Sara Zain taldea nabarmen izan da garaile botoen %75,63rekin. Boze­tara aurkeztuta­ko biga­rren taldeak, Mixel Guerendiainen Har Hi­tzak, botoen %24,37 eskuratu ditu­.

2008tik auzapeza izan den Labordek eta bere taldeak (abertzale eta independenteak) lehen itzulian nagusitasunez irabazi zute­nez, ez zen bigarren itzu­lirik behar izan eta bere taldeak eskuratu ditu he­rriko kontseilu­ra­ko jokoan zeuden 23 hautetsietatik 21. Ber­tze bi hautetsiak Har Hi­tza taldearentzat izan dira.

Azkainen ezustekoa

Jean-Louis Fournierren Denen Geroa talde independenteak irabazi ditu hauteskundeak. Eta beraz, azken urteotan auzapez izan den Altxa Azkaine taldeko Jean Louis­ Laduche (eskuina) ez da auzapez izanen, eta are gehiago, lehen inda­rra izatetik laugarrena izatera pasatu da. Emai­tza horiek Pie­rre Clausell Altxa Azkaine­ taldetik atera eta Ur Ertsi Larrun (eskuina) talde propioaren zerrendaburu aurkeztu izanaren ondorio izan daitezke. Izan ere, Clausell axuan­ta gisa Laducheren ondoan egondakoa da, baina 2013ko udan taldetik ateratzea erabaki zuen. Hala, hauteskunde hauetan botoak banatu egin dira bi talde hauen artean. Ez hori baka­rrik, Denen Geroa taldea indartsu agertu da, boto kopuru altua eskuratuz. Anita Lacarraren Ideki talde abertzalea hirugarren indarra izan da. 2008an baino boto gehiago eskuratu ditu, baina lehenbiziko itzu­litik bigarrenera boto batzuk galduz.

Senperen sorpresa

Ustekabean, azken hiru agintalditan nagusigoa izan duen Elgarrekin taldeak agintea galdu du eta Pierre Marie Nousbaumen Agir Autrement taldeak (zentro eskuina) irabazi ditu bozak. Lehen itzulian Elgarrekin taldea gailendu zen, Dominique Idiart (ezkerra) zerrendaburu zela eta aurreikuspenek auzapeza bera izanen zela zioten. Baina bigarren itzulian Nousbaum nagusitu da 87 botoko aldearekin, eta beraz, berak eskuratu du aginte makila. Jean François Bederederen Senpere Bai talde abertzaleak ere bigarren itzulian lehenbizikoan baino 117 boto guttiago eskuratu ditu eta aulki bat galdu du herriko kontseiluan.

Partehartze altua

2008ko joerari jarraituz, Saran, Senperen eta Azkainen partehartzea haundia izan da. Saran %79,97koa izan da (2008an %77,10koa izan zen), Senperen %76,87­koa (2008an %76,73) eta Azkainen izan da hiru herrietan altuena, %80,54koa (2008an %79,70).

Hego Lapurdiko Hiri Elkargoan ordezkari eskuindarrak nagusi

Herri eta hiri elkargoko ordezkariak aukeratzeko bozak ere izan dira Ipar Euskal Herrian. Azkaine, Sara eta Senpere Hego Lapurdiko Hiri Elkargoan sartuak daude, bertze bederatzi herrirekin batera eta herri bakoitzak bere ordezkariak izanen ditu elkargoan. Saran Sara Zain taldeko Jean Baptiste Laborde, Marie Hélène Oronoz eta Henri Dutournier hautetsiak izanen dira Sararen Hiri Elkargoko ordezkariak. Senperek lau ordezkari izanen ditu: Agir Autrement zentro eskuineko Pierre-Marie Nousbaum, Sandra Lissardy eta Benoît Estaynou eta Elgarrekin taldeko Dominique Idiart. Azkainek hiru ordezkari izanen ditu, Denen Geroa taldeko Jean-Louis Fournier, Bénédicte Luberriaga eta Pascal Peyreblanque.

Hego Lapurdiko Hiri Elkargoa osatzen duten hamabi herrien kasuan, ia gehienetan eskuina izan da nagusi, eta beraz, hiriguneko ordezkari gehienak eskuinekoak izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun