Igande honetan erabakiko dira bozak Senperen eta Azkainen

Ttipi-Ttapa 2014ko martxoaren 28a

Hauteskundeen bigarren itzulia eginen dute igandean Ipar Euskal Herrian.

Senperen aurkeztutako hiru zerrendak pasatu dira bigarren itzulira eta Azkainen lau zerrendak

Joan den igandean Ipar Euskal Herriko hauteskundeen lehen itzulia egin zen eta Saran baino ez ziren deliberatu bozak. Senperen eta Azkainen ez zuenez talde batek ere gehiengo absoluturik lortu, igande honetan berriz eman beharko dute bozka herritarrek.

Herriko kontseilu eta herri eta hiri elkargoetako bozen bigarren itzulia iraganen da igande honetan Ipar Euskal Herrian. TTIPI-TTAPAk hartzen duen eskualdeari dagokionez, senpertarrak eta azkaindarrak dira bozka ematera deituak daudenak. Saran joan den igandean egindako lehen itzulian erabaki ziren bozak, Jean Baptisteren Sara Zain taldeak gehiengo absolotua lortu baitzuen botoen %75,63rekin. Hala, Herriko kontseilurako jokoan zeuden 23 hautetsietatik 21 eskuratu ditu Sara Zain taldeak. Mixel Guerendianen Har Hitza taldeak botoen %24,37 eskuratu zituen eta beraz, bi ordezkari izanen ditu herriko kontseiluan.

Senperen eta Azkainen lehen itzulian ez zuen talde bakar batek ere gehiengo absoluturik lortu. Senperen, bozetara aurkeztutako hiru taldeek lortu dute bigarren itzulira pasatzea. Azken hiru agintalditan auzapeza izan den Christine Bessonart ez da boz hauetan izan, baina herriko kontseiluan axuanta gisa ondoan izan duen eta boz hauetan talde bereko zerrendaburu aurkeztu den Dominique Idiart izan zen lehen itzulian boto gehien eskuratu zituena, %43,69. Baina gorakada nabarmena izan zuen Pierre Marie Nousbaumen Agir Autrement taldeak, botoen %39,76 lortu baitzituen. Jean François Bederederen Senpere Bai talde abertzalea hirugarren indarra izan zen joan den igandean, %16,55 eskuratuta.

Azkainen ere bozetara aurkeztutako zerrenda guztiek lortu dute bigarren itzulira pasatzea. Lau taldeen artean, Jean-Louis Fournierren Denen Geroak eskuratu zituen boto gehien, %42,26. Ur Ertsi Larrun taldeko Pierre Claussel izan zen bigarren bozkatuena, %20,56 eskuratuta. Anita Dagorret Lacarraren Ideki taldeak botoen %18,67 eskuratu zituen, eta orain arte auzapeza izan den Jean Louis Laducheren Altxa Azkaine taldea laugarren indarra izatera pasatu zen, botoen %18,60rekin. Emaitza horiek Pierre Clausell Altxa Azkaine taldetik atera eta Ur Ertsi Larrun talde propioaren zerrendaburu aurkeztu izanaren ondorio izan daitezke. Izan ere, Clausell axuanta gisa Laducheren ondoan egondakoa da, baina 2013ko uztailean taldetik ateratzea erabaki zuen.

Hiri elkargoak

Azkaine, Sara eta Senpere barne hartzen dituen Hego Lapurdiko Hiriguneko ordezkariak ere igandean aukeratuko dituzte Senperen eta Azkainen. Senperek lau eta Azkainek hiru ordezkari izanen ditu. Sarakoak dagoeneko izendatuak dira: Jean Baptiste Laborderekin batera, Marie Hélène Oronoz eta Henri Dutournier hautetsiak izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun