Bertzelako kontsumo eta produkzio ereduak bultzatzeko helburuarekin, 2013ko apirilean aurkeztu zuten Bidazi elkartea. Geroztik azoka bat irekitzea izan da bere helburuetako bat, «bazkideentzat kontsumo kontziente eta trasnformatzailea posible egiten duen tresna, lokal baten inguruan ahal bezain gertukoak diren kalitatezko produktu ekologikoak biltzen dituena». Eta proiektu horretan burubelarri lanean ibili ondotik, aste honetan zabalduko dute Alkaiagan prestatu duten lokala.
Ortziralean, martxoak 28, egun osoz zabalik egonen da 10:00etatik 19:00etara jarraian eta larunbatean goizez, 10:00etatik 13:30era. Oraingoz, elkarteak ez du langilerik kontratatzeko baliabiderik, eta hortaz, dendan bazkideek txandetan eginen dute lan.
Irekiera honen ondotik, apirilaren 4an 18:30ean irekiera besta eginen dute. Aldi honetan, bazkideez gain, lokala edo azoka ezagutu nahi duten guztientzat ateak zabalik izanen dira.
Bazkideak
Gaur egun 70 bat bazkide ditu Bidazik, Irun, Hondarribia, Hendaia, Zugarramurdi, Lesaka, Bera, Igantzi, Arantza, Etxalar... eta ingurukoak. Norbanakoak, taldeak edo ekoizleak izan daitezke bazkide eta norbaitek interesa izanez gero, badu aukera. 50 euroko diru-sarrera egin behar da bazkide egiteko, eta gero hilero hiru euro ordaindu. Horrez gain, urtean guttienez hiru ordu eskainiko zaio auzolanean elkartearen proiektuei laguntzeko. Taldeen kasuan hilean 15 euro ordaindu beharko dira eta urtean 15 ordu sartu auzolanean.
Informazio gehiago nahi izanez gero, www.bidazi.org atarian sar daiteke, edo info@bidazi.org helbidera idatzi. Bertzela, bazkide berrientzako batzar irekietara joan daiteke.