Labordek nagusitasunez irabazi ditu bozak Saran

Ttipi-Ttapa 2014ko martxoaren 24a

Herri bozak dira Ipar Euskal Herrian.

Senperen eta Azkainen, aldiz, lehen itzulian inork ez du gehiengo absoluturik lortu eta beraz, igande honetan eginen diren bigarren itzulian erabakiko dira herriko kontseilua eta hiri elkargoa osatuko duten ordezkariak nor izanen diren

Herriko kontseilu eta herri eta hiri elkargoetako bozen lehen itzulia izan da asteburu honetan Ipar Euskal Herrian eta eskualdeari dagokionez, Saran baino ez da erabaki zein izanen diren herriko ordezkariak. Saran azken sei urteotan auzapez izan den Jean Baptiste Labordek segituko du kargu horretan eta Sarako Herriko Kontseiluko 23 hautetsietatik 21 bere taldekoak izanen dira. Senperen Dominique Idiarten Elgarrekin taldeak lortu ditu boto gehien eta Azkainen Jean-Louis Fournierren Denen Geroa taldeak. Baina gehiengo absoluturik lortu ez dutenez, heldu den igandean eginen den bigarren itzulian erabakiko da guztia.

Herriko kontseilu eta herri eta hiri elkargoetako bozen lehen itzulia izan da asteburu honetan Ipar Euskal Herrian eta eskualdeari dagokionez, Saran baino ez da erabaki zein izanen diren herriko ordezkariak. Saran, Jean Baptisteren Sara Zain taldeak gehiengo absolutua lortu du botoen %75,63rekin eta honenbertzez, ez da bigarren itzulirik beharko. Bozetara aurkeztutako bigarren taldeak, Mixel Guerendiainen Har Hitza taldeak botoen %24,37 eskuratu ditu. Laborderen taldeak nagusitasunez irabazi duenez lehen itzulian, ez da bigarren itzulirik beharko eta bere taldearenak izanen dira herriko kontseilurako jokoan zeuden 23 hautetsietatik 21. Bertze bi hautetsiak Har Hitza taldearentzat izanen dira. Aipatu, bozen sisteman aldaketa izan dutela Saran aldi honetan. Izan ere, orain arte 3.500 biztanletik beheitiko herrietan pertsonak bozkatzen ziren, eta ez zerrendak. Aurtengo bozetan, aldiz, mila biztanletik goitiko herrietan gizon-emakumez parekidea den zerrendari eman diete boza eta aldaketa nabaritu duten Ipar Euskal Herriko 25 herrien artean, bakarra izan da eskualdekoa, Sara.

Senperen eta Azkainen, ordea, bigarren itzulian erabakiko dira bozak, lehen itzulian ez baitu talde bakar batek ere gehiengo absoluturik lortu. Senpereren kasuan, azken hiru agintalditan auzapez izan den Christine Bessonart ez da bozetara aurkeztu, baina Herriko Kontseiluan axuanta gisa ondoan izan duen eta boz hauetan zerrendaburu aukeztu den Dominique Idiartek lortu ditu boto gehien lehen itzulian, botoen %43,69. Pierre Marie Nousbaumen Agir Autrement taldea izan da lehen itzuliko bigarren bozkatuena, botoen %39,76rekin eta Jean François Bedereren Senpere Bai hirugarren indarra izan da %16,55 eskuratuta. Talde guztiek lortu dute igandean eginen den bigarren itzulira pasatzea.

Azkainen lau zerrenda aurkeztuak ziren eta horien artean Jean-Louis Fournierren Denen Geroak eskuratu ditu boto gehien, %42,26. Ur Ertsi Larrun taldeko Pierre Claussel izan da bigarren bozkatuena %20,56 eskuratu baititu. Anita Dagorret Lacarraren Ideki taldea hirugarren indarra izan da lehen itzulian, botoen %18,67 eskuratuta, eta orain arte auzapez izan den Jean Louis Laducheren Altxa Azkaine taldea laugarren indarra izan da, botoen %18,60rekin. Ideki taldeak Altxa Azkainek baino bi boz gehiago lortu ditu.

Hiru herrietan partehartzea altua izan da lehen itzulian. Azkainen, erraterako, botoemaileen %80,71ek eman du boza, Senperen, %73,21ek eta Saran %79,97k.

Hiri elkargoak

Herriko kontseilurako ordezkariak hautatzeko bozak izateaz gain, herri eta hiri elkargoko ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak ere badira Ipar Euskal Herrian. Azkaine, Sara eta Senpere Hego Lapurdiko Hirigunean sartuak daude, bertze bederatzi herrirekin batera eta bakoitzak bere ordezkariak izanen ditu. Saran, Laborderen taldeak lehen itzulian gehiengo osoa lortu duenez, talde horretako hiru ordezkariak izanen dira Sararen Hiri Elkargoko ordezkariak: Jean Baptiste Laborde auzapeza, Marie Hélène Oronoz eta Henri Dutournier. Senperek lau ordezkari izanen ditu Hiri Elkargoan eta Azkainek hiru. Baina igandean eginen den bigarren itzulian erabakiko da zein izanen diren ordezkari horiek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun