Belaunaldien arteko egoitzaren estrena izan da Bessonarten azken lana

Franck DOLOSOR 2014ko martxoaren 20a

Senpere eta inguruetako hautetsiak Karrikarte etxearen inaugurazio egunean. Franck DOLOSOR

Bi milioi euro baino gehiago gosta da Karrikarte etxea egitea

Ondoko egunetan auzapez berria izanen da, Christine Bessonartek kargua uztea eta hauteskundeetan ez aurkeztea deliberatu baitu. Egun hauetan azken lanak egiten ditu pentsatuz nori emanen ote dizkion eskuetan dituen txosten eta proiek­tu guziak: bere lehen auzapez ordeari, hautagai eskuindarrari edo ezker abertzaleko zerrendaburuari. Hautetsontzien epaia ezagutu arte lan eta lan ari da Bessonart eta gisa huntan berriki inauguratu du Karrikarte belaunaldien arteko egoitza, ondoan zituelarik Georges Labazée Pirineo Atlkantikoetako departamenduko Kon­tseilu Nagusiko presidentea eta Michel Hiriart Hego Lapurdiko hiriguneko burua.
 
 2.122.025 euro gosta den etxe hortan jadanik okupatuak diren 21 apartamendu eta 100 metro karratuko gela publikoa daude eta bertan bizizale guziak bil­tzen ahal dira. Karrika nagusitik hurbil den eraikin berriari bizia emateko animatzaile bat ibiliko da egun guziz adineko jendeari ibilaldiak eginarazteko eta garbiketak egiteko. Aste guziz bi aldiz animazioak ere proposatuko ditu. Senperen ez baita xahar etxe­rik eraikiko ondoko urteetan, agintariek eta herriko adinekoen kon­tseiluak begi onez ikusi zuten alternatiba bat pentsatzea eta hilerriaren aintzinean gelditzen zen lurra baliatzea holako etxea altxatzeko alokairu biziki merkeak proposatuz senperta­rreri. Etxe hortan bizi direnek esker ona eraku­tsi eta zinez pozik daudela e­rran zuten inaugurazio egunean jornal ttikiekin ere etxe biziki modernoa baitute beren herrian bertan. Ofice64 erakundeak burutu duen proiektua egiteko %18ko diru lagun­tzak izan dira: 190.982 euro departamendutik, 91.800 euro gobernutik, 63.661 euro Senpereko herriak emanik eta 24.867 euro Hego Lapurdiko Hirigunetik. Gaur­ko egunean, Ofice64 erakundeak 41  etxebizitza alokatzen ditu Senperen. Aurten 17 gehiago eraikiko dituzte eta bertze 32 heldu den urtean.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun