Euskara bultzatzeko laguntzak kendu dizkietela salatu dute Nafarroako UEMAko udalerriek

Ttipi-Ttapa 2014ko martxoaren 20a

Argazkia:Uema Martxoaren 12an Leitzan egin zuten udal ordezkariek prentsa agerraldia. UEMA

  UEMAko Nafarroako udal ordezkariek prentsa agerraldia egin zuten mar­txoaren 12an Leitzan. Nafarroako euskalgintzak bizi duen egoeraren aitzinean «kezka eta haserrea» agertu zuten, «Nafarroako Gobernuak, bertze behin, inolako diru-lagun­tzarik gabe utzi duelako euskara bultza­tzeko ekimen eta lan oro».
 
Udalek azkeneko urteotan Nafarroako Gobernuarengandik finantziazio mu­rrizketa handia pairatu dute, eta horien artean, Euskara Zerbitzuek jasan dutena nabarmendu dute eta salatu dute «urterik urte laguntzak murrizten joan dira, erabat desagertu arte». Euren ustez, agerian gelditu da «Nafarroako Gobernuak hizkun­tza politika argi eta planifikatu bat baduela Nafarroarako: euskara eremu publikotik erabat desagerraraztea».
 
2013an inolako diru-laguntzarik gabe gelditu dira Nafarroako udalak eta mankomunitateak euskara zerbitzuetako plangintzak garatzeko. Eta 2014rako aurreikuspena ere bera da, «inolako diru-lagun­tzarik ez jasotzea» azaldu dute.
 
«Egoera jasangaitza» dela esan dute eta udalez gain, euskalgintzako gainerako eragileei ere eragiten diela.  «Nafarroako aniztasunari bizkar eman eta bertako hizkuntza sustatzeko politikak bazter utzi ditu» euren hitzetan gobernuak. Bestelako hizkuntza politika bat «nahi eta behar» dutela aldarri­katzeko Iruñeako martxoaren 22ko manifestazioarekin bat egin dute eta herritarrei joateko deia egin diete.
 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun