Urteroko hitzorduak izaten dira batzuk, berrikuntzak dira besteak baina badirudi arkupeak elkartekoek gogotsu hartu dituztela guztiak. Denboraldi berriko lehendabiziko irteera Xabierrera egin zuten martxoaren 11n eta urtero bezalaxe, elkartekide asko izan ziren bertan, zehazki 110.
Pentsioei buruzko hitzaldiek ere orain arteko arrakasta berarekin segitzen dute. Elizondon eta Beran egin dituzte azkenak eta Elizondon adibidez, 34 pertsona elkartu ziren Patxi Urrutiaren azalpen eta gomendioak entzutera. Mus txapelketako finalak ere jokatu ziren eta finalistek beren lagun eta senideak izan zituzten alboan.
EZKURRAN BARNA
Otsailaren 26an, Arkupeak elkarteko 34 mendizale bildu ziren Ezkurran barna mendi itzuli bat egiteko. Egun euritsua izango zela aurreikusita zegoen baina azkenean, Zuparrobiko kaxkora iritsi arte eguraldia lagun izan zuten. Han elurra hasi zuen, baina berehala eguzkiak hartu zuen lainoen tokia. Ola baserriraino eguzkiak goxatu zieten bidea. Han Mariezkurrena anaiek jatekoa eta edatekoa eskaini zieten. 2006an inguru haietan grabatutako “El bosque de las sombras” pelikularen inguruko xehetasunak eman zizkieten Mariezkurrenatarrek bisitariei. Koldo Serra zen zuzendaria eta Gary Olman, Paddy Considine eta Aitana Sanchez Gijón aktoreek hartzen zuten parte. Baserria bera ere ikusgarria da. XVII. mendekoa Ezkurrako jauntxoena izan omen zen.
Datozen hilabeteetan, Valentzia, Donostia eta Aginaga bisitatzekoak dira. Pirinioetara ateraldia eginen dute eta Done Jakue bidea ere egitekoak dira, bi taldetan banatuta: etapak urte betean edo bitan osatuz.