Euskal herritartasuna bultzatzeko Udalbitzaren ekimenarekin bat egin dute eskualdeko hainbat udal hautetsik

Ttipi-Ttapa 2014ko martxoaren 21a

Euskal Herri osoko 30 alkate baino gehiagok parte hartu dute aste honetan egindako aurkezpenean. Udabiltza

Aste honetan Euskal herritarrak gara ebazpena aurkeztu dute Euskal Herri osoko 30 alkate baino gehiagok Donostian, eta han izan dira Jaime Iturria Arantzako alkatea, Ur Algero Aresoko alkatea, Migel Mari Irigoien Etxalarko alkatea, Lourdes Ibarluzea Igantziko alkatea, Mari Jose Bereau Iturengo alkatea eta Xebe Txoperena Lesakako alkateordea. Hala ere, Udalbiltzaren hautetsi guztiek egina dute ekimen honekin bat.

Euskal Herriaren eta euskal herritartasunaren aitortza bultzateko konpromisoa hartu du Udalbiltzak eta bide horretan Euskal herritarrak gara ebazpena aurkeztu du, hiru lan-ildo zehaztuz: euskal sinboloen erabilera bultzatzea, Interneteko domeinu propioen erabilera sustatzea (.eus) eta euskal herritartasuna publikoki adieraziko duen agiri ofizial bat sortzea. Hautetsi eta herritar guztiei dei egin die Udalbiltzak lan-ildo horiekin bat egiteko.

Joan den otsailean Ordizian hautetsien bilkura egin zen, eta orduan erabaki zen euskal herritartasuna izeneko lan-ildoa abiaraztea. Horren ondotik, Udalbiltzak partehartze prozesu bat egin zuen 200 alkate eta zinegotziren ekarpenak bilduz, eta behin hori eginda, aste honetan Donostian azaldutako ebazpena hurrengo hilabeteetan eginen diren ekimen sail baten abiapuntua izan da. Zehazki, astelehenean egin zuten aurkezpena Donostiako Miramar jauregian eta Euskal Herri osoko 30 alkate baino gehiagok parte hartu zuten. Tartean ziren Jaime Iturria Arantzako alkatea, Ur Algero Aresoko alkatea, Migel Mari Irigoien Etxalarko alkatea, Lourdes Ibarluzea Igantziko alkatea, Mari Jose Bereau Iturengo alkatea eta Xebe Txoperena Lesakako alkateordea. Hala ere, Udalbiltzaren hautetsi guztiek egina dute ekimen honekin bat, eta eskualdetik Arano, Arantza, Areso, Baztan, Bera, Bertizarana, Donamaria, Etxalar, Goizueta, Ituren, Leitza, Lesaka, Sunbilla, Sara, Senpere eta Azkaineko hainbat alkate eta zinegotzik.

Hiru erronkak

Alde batetik, euskal sinboloen erabilera bultzatu nahi du Udalbiltzak. Eremu instituzionalari dagokionez, Euskal Herriaren izatea aintzat hartzen duten bulego-paperak, seinalizazioa eta irudi korporatiboa sustatuko ditu udaltxeetan. Gisa beran, herritarren esku behar diren baliabideak jarriko dituela erran du, «haien nortasun nazionala agerian eta modu pulikoan adieraz dezaten, hala nahi badute».

Bigarrenik, Interneteko domeinu propioen erabilera sustatuko du Udalbiltzak. Euskal Herriko udalen web orrietan .eus-en erabilera proposatuko du eta eremu pribatuan domeinua zabaltzeko xedearekin ekimenak ere eginen ditu.

Azkenik, euskal herritartasuna publikoki adieraziko duen ageri ofizial bat sortzea ere bultzatuko du Udalbiltzak. «Herritarren atxikimendu librean oinarrituko da eta Euskal Herriaren kultura, hizkuntza eta identitate espresio anitzekiko errespetuzko jarrera mantenduko du». Horretan lanean ari dela jakinarazi dute Udalbiltzatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun