Lagun-Bide Zerbitzuak enpresa sozial eta solidarioa aurkeztu du Bidelagunek

TTIPI TTAPA 2014ko martxoaren 20a

Bidelagun elkarteko Mixel Gereka, Juana Mari Azkarate eta Isidro Herguedas Alicia DEL CASTILLO

Bertze lanen artean, bigarren eskuko arropa bilduko dute eskualde osoan 15 edukiontzien bitartez

Bidelagun elkarteak gizarte konpromiso be­rri bat hartu du: Lagun-Bide Zerbitzuak izeneko enpresa sozial eta solidarioa martxan paratzea. Martxoaren 5ean elkartearen egoitzan egin zuten aurkezpenean jakinarazi zutenez, «behar gehien dituztenen artean lanpostuak sortzea» da helburu nagusia.

Bidelagun elkarteko Isidro Herguedasek aipatu zuenez, proiektua ez da ideia berria: «Duela urte batzuk zenbait pauso ematen hasi ginen Centro de Inserción Sociolaboral delakoa eskualdean martxan paratzeko asmoarekin. Bilerak egin genituen, baina ez zuten fruiturik eman: batzuk “ez zela dirurik”, bertze batzuk “diru publikoarekin ez dela esperimentatzen” erranez, eta denetan borondate falta». Lagun­tza publikoak gero eta murritzagoak izaten ari zirela, ildo horretatik ez zutela deus erdietsiko eta beharrak gero eta eta handiagoak zirela ikusita, «gure kabuz mugitzea erabaki genuen erantzun bat emateko asmoarekin»zioen.

Enpresa sozial eta solidarioaren helburu nagusia eragin soziala izatea dela aipatu zuten, etekin ekonomikoa lortzea baino gehiago; «ondasunak  eta zerb­i­tzuak eskaintzen ditugu modu ekintzaile eta berritzailean; ortzen ditugun irabaziak helburu sozialak lortzeko erabiltzen ditugu eta elkartea modu arduratsu eta gardenean kudeatzen dugu, langile, bezero eta interes-taldeen inplikazioa lortuz­».

BIGARREN ESKUKO ARROPA BILDU ETA SALDU

Lagun-Bide Zerbi­tzuak enpresak dagoeneko jarduera aunitz eskaintzen ditu. Erra­terako, eskualde osoan arropak biltzen dituzte edukiontzien bitartez  Zuga­rramurditik Beraraino eta gero arro­pak berrerabiltzeko asmoa dute. 15 edukion­tzi paratuko dira, herri gehienetan banatuta eta mantso mantso herri guztietara iritsiko dira. Beran, Lesakan eta Elizondon bina edukion­tzi paratuko dituzte eta Etxa­lar, Doneztebe, Ituren, Oronoz, Irurita, Ariz­kun eta Erra­tzun bana.

Bigarren eskuko arro­pa dendak irekitzeko asmoa dute Elizondon, Donezteben, Lesakan eta Beran. «Dagoeneko fite Donezteben irekiko dugu lehenengo denda, Parrokia karrikako 18an« aipatu zuen Herguedasek. Honekin lotuta, arropa konpontzeko tailerrak egin, trapuak enpresa eta tailerretan saldu... egitasmo ugari dituzte burutan. Lortuko den dirua soldatak, alokairuak, aseguruak, gizarte segurantzako gastuak... ordain­tzeko erabiliko dute.

Gainera, garbiketak lan orokorrak, etxeko brikolajea, posta bidalketa lanak eta ingurumenarekiko sentsibilizazio eta birziklapen lanak ere eskainiko ditu Lagun-Bide Zerbitzuak enpresak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun