Hasiera batean hilaren 29an, larunbatean izanen zela iragarri bazen ere, azkenean ortziralean izanen da Igantzin eginen den Bardoetako saioa. Gainerakoan ez da aldaketarik izan, bertso-afaria izanen da, Lepatanatuek 2 eta Zortziko haundiena taldeekin. Afarirako txartelak jadanik salgai daude.
Ortziralean, hilaren 28an izanen da Lesakako Zortziko haundiena (Iban Garro, Eneko Fernandez, Maddalen Lopez eta Josu Sanjurjo) eta Baztango Lepatanatuek 2 (Oier Amiano, Kotte Plaza eta Xabier Maia) taldeen saioa. Egun batez aitzineratu da saioa, baina gainerakoan ez da aldaketarik: Igantziko Biltoki elkartean eginen da bertso-afaria, gaueko 21etan hasita. Horren ondotik, bi taldeon saioa izanen da. Elizondon egindako saioan etxekoek lortu zuten lehen puntua. Txartelak Igantziko La Villa ostatuan eta Lesakako Arrano ostatuan daude salgai, 15 eurotan. Horrez gain, bertso-afarirako txartelak bortzibertso@gmail.com helbide elektronikoan erreserbatzen ahal dira.
Igantzikoa ez da asteburuan Bardoek izanen duten saio bakarra, beste hiru saio jokatuko dira: ortziralean bertan Iruñean, Txantreako 12 obario eta 11 pedrada (Erika Lagoma, Haizea Beruete, Irati Majuelo eta Saioa Alkaiza) eta Leitzako Harrapazank (Migel Mari Elosegi Luze, Iñigo Ibarra eta Joanes Illarregi) taldeen artea, larunbatean ere Iruñean Iruñeko Bertze Maldikoak (Ainhoa Aranburu, Oscar Sanz de Acedo eta Aimar Karrika) eta Malerreka-Baztango Etxeko kontuk (Iker Gorosterrazu, Egoitz Gorosterrazu eta Amaia Elizagoien) artean, eta igandean Leitzan, berriz ere 12 obario eta 11 pedrada eta Harrapazank-en artekoa.
Saio horiekin bukatuko da Bardoak taldekako txapelketako bigarren fasea eta erabakiko da apirilaren 12an Lesakako finalean zein hiru taldek hartuko duten parte.