Daniel Vicente eta Ruben Saralegi osaba-ilobek irabazi zuten martxoaren 16an Donezteben jokatu zen apustua, Felix Etxeberria eta Oihan Larretxeari 2 minutu terditik goitiko aldea aterata. Txanda librean aritu ziren lau aizkolariak, hogei kana-erdiko eta hamar 60 ontzako mozten, jendez gainezka ageri zen Doneztebeko udal pilotalekuan.
Bikote bakoitzak erakusle bana izan zuen. Lorentxo Apezetxea aritu zen Saralegi eta Vicenterekin eta Donato Larretxea semearekin eta Etxeberriarekin. Neurri ezberdineko enborrak nahasian moztu zituztenez, ez zegoen zehazterik bikote baten eta bertzearen arteko aldea, baina hasieratik garbi xamar aitzinetik jarri ziren Vicente eta Saralegi eta hori lan erdietan ikusi zen. Azkenean, ordubete eta 59 segundo behar izan zituzten irabazleek eta 63 minutu eta 36 segundo Larretxeak eta Etxeberriak. Irabazleak gustora gelditu ziren egindako lanarekin eta korteetan ez zutela hutsik egin azpimarratu zuten. Galtzaileek ere ez zuten aitzakirik paratu. Felix Etxeberria sunbildarrak erran zuenez, «ikaragarrizko lana egin dute, ordubetean egin dute lan osoa. Gu ere ez gara gaizki aritu, baina hasierako enborretan adar batzuk atera zaizkigu eta hor denbora pixko bat galdu dugu. Irabazleak zoriondu behar dira».
Saralegik eta Vicentek 12.000 euro eskuratu dituzte.
Ander Erasunek desafioa lauetako edozeini
Doneztebeko apustua akitu bezain abudo, bertze baterako deia egin du Ander Erasun aurtiztarrak. Hain zuzen, Donezteben aritu zen lauetako edozeini egin dio desafioa hogei kanaerdikotara, enborrak erdibana eramanda. Erasunek maiatza hasieran jokatu nahiko luke. Hitzordua martxoaren 22an, larunbat arratsaldeko 7etatik aitzinera paratu du Etxalarko Bentan eta bertze xehetasunak bertan eztabaidatuko omen dituzte.