Nafarroako Herri Kirol Federazioak herri kirol jokoak antolatu ditu bertze urte batez, 11 eta 16 urte arteko neska-mutikoei zuzendua. Martxoaren 16an Berriozarren hasi eta apirilaren 13an Igantzin jokatuko diren finalak bitarte, herriz-herri proba konbinatuetan eta sokatiran hainbat gaztetxo ibiliko dira.
Berriozarko saioaren ondotik, martxoaren 23an Sakanan jokatuko da (Arbizun edo Etxarri-Aranatzen), martxoaren 30ean Elizondon eta apirilaren 6an Altsasun jokatuko dira saioak eta finala, erran bezala, Igantzin apirilaren 13an.
Parte hartzaileak
Guztira hiru kategoria izanen dira: kimuen mailan (2002 eta 2003 urteetan jaiotakoak) konbinatuetan bakarrik ariko dira eta Andra Mari, Iñigo Aritza A eta B, Berriozar A eta B, Baztango Basaburua, Ultzama, Igantziko Irisarri, Baztan Herri Rugbi kirolak eta Araxesek parte hartuko dut.
Haurretan (2000 eta 2001ean jaiotakoak) konbinatuetan eta sokatiran ariko dira eta Berriozar, Andra Mari, Iñigo Aritza, Putterri, Araxes eta Basaburuak (baztandarrek proba konbinatuan bakarrik) parte hartuko dute.
Kadeetan, azkenik, (1998-1999 urteetan jaiotakoak), Berriozar, Andra Mari, Basaburua eta Ultzamako taldeek eman dute proba konbinatuetarako izena. Hemen ere, Basaburuak ez du sokatiran parte hartuko.