Aurten hamaikagarren aldiz, Ultzama-Baztan Errugbi Taldeak gaupasa antolatu du apirilaren 5erako. Errugbi taldearentzat ekonomikoki garrantzitsua den hitzordu hau, urtero bezala, Larraintzarren izanen da.
20:00etan karpa irekiko dute eta Oharkabe taldearekin dantzaldi-poteoa izanen da. 21:30an hasita, frontoian afaria eginen dute eta aretzea dastatzeko aukera izanen da. Afalondoan kantu zaharrak eta bertzelako sorpresak ere izanen da. 00:30etik aitzinera gaupasa izanen da frontoian Trikidantz taldearekin eta ondotik DJak ariko dira. Besta ez da frontoira mugatuko. Izan ere, ordu berean hasita kanpoan paratutako karpan kontzertuak izanen baitira. Ufestuek talde baztandarrarekin batera, The Baserritars eta Txarraos Txilapastrosos taldeek kontzertuak eskainiko dituzte. Ondotik, berriz, DJ Purinek hartuko du lekukoa.
Afarirako txartelak salgai daude dagoeneko. 380 txartel atera dituzte eta Baztanen Futbolin, Intza eta Txokoto ostatuetan eros daitezke eta Ultzaman Iraizozko ostatuan, Deskarge ostatuan eta Autzako ostatuan. Apirilaren 1era arte egonen dira salgai. Afaria eta bonolaguntzaren truke 25 euro ordaindu beharko dira eta bonolaguntzagatik zazpi euro.
Horrez gain, 300 euroko balioa duen bidaia bono baten zozketa ere eginen dute, eta eskualdeko produktuak ere zozketatuko dituzte. Hori guztia 02:00 aldera izanen da. Autobus zerbitzua ere antolatu dute etxera bueltatzeko. Doneztebe-Elizondo-Iruñea ibilbidea eginen du.
Ultzama-Baztan Errugbi Taldeak besta egun honetan parte hartzeko gonbitea luzatu du, eta bide batez, errugbia probatu eta jolasteko animatu nahi izan du jendea.