Bizi mugimenduaren ekimenez, Ipar Euskal Herriko bozetara aurkeztuko diren hainbat taldetako zerrendaburuk Trantsizio Energetikoaren Ituna izepetuko dute martxoaren 12an Uztaritzen. Bizi mugimendua larrialdi klimatikoaren kontra eta ongizate sozialaren alde egiten duen mugimendua da eta itun honen helburua herriko etxe eta herri elkargoen mailan aldaketa klimatikoaren kontra egitea da, trantsizio ekologiko eta energetikoaren alde. Guztira Ipar Euskal Herriko 68 taldetako ordezkarik sinatuko dute ituna eta tartean izanen dira Azkaingo Jean-Louis Laduche (Altxa Azkaineko zerrendaburua) eta Anita Dagorret Lacarra (Ideki taldeko zerrendaburua), Sarako Mixel Guerendiain (Har hitza taldeko zerrendaburua) eta Senpereko Dominique Idiart (Elgarrekin Senpererentzat taldeko zerrendaburua) eta Jeff Bederede (Senpere bai taldeko zerrendaburua).
Ez da sinadura ekitaldi soila izanen. Giro alaian eginen baitute Uztaritzeko Lapurdi gelan 18:00etatik aitzinera bilduko direnek. Jatekoa eta edatekoa eskainiko da izenpetzeak bukatu ondotik, eta 19:00etan Alternatiba, 2013ko urriaren 6ko Baionako egunari buruzko filma ere eskainko da, lehen aldikotz publikoan. 20:00etan, berriz, Patrick Sabin Escource Landeetako Herriko Etxeko etiketarik gabeko auzapezak bere hitzaldia eskainko du, trantsizio enegertikoaren inguruan, herri eta herri elkargo mailan ikuspuntu ekologiko eta ekonomikotik egin dituzten esperientziak kontatuz.
Bide batez, Bizi mugimenduak martxoaren 23 eta 30ean iraganen diren hauteskundeetan bozkatzeko unean Trantsizio Energetikoaren Itunari buruz zerrenda ezberdinek hartuak dituzten engaiamendu mailak kontuan atxikitzeko eskatu du.