Nafarroako Parlamentuko Sustapen batzordeko ordezkaritzak N-121-A errepidea bixitatu du martxoaren 7an, ortziral goizean. Bixitaren xedea, errepideko lekurik arriskutsuenak ikusi eta etorkizunean bertan egin daitezkeen lanak aztertzea eta eztabaidatzea izan da. Horretarako, Nafarroako Parlamentutik Eloy Villanueva (PPN), Begoña Sanzberro eta Marivi Castillo (UPN), Nekane Perez eta Juan Carlos Longas (Aralar-NA Bai), Maite Esporrin (PSN) eta Biktor Rubio eta Koldo Amezketa (Bildu) izan dira, sustapen departamentuko bertze ordezkari eta teknikariekin batera. Eskualdeko udalen ordezkaritza, Marisol Taberna Berako alkateak, Severiano Txoperena Lesakako jarduneko alkateak eta Juan Losa Berako UPNko zinegotziak osatu dute, Malerreka eta Sunbillako bertze udal ordezkariek ez baitute bertaratzerik izan.
Orikaingo Aguirre Hostaletik abiatuta, Belateko kontrol zentruan izan dira lehenik, handikan Sunbillako bidegurutzera joan dira eta gero, Bera saihesbidean izan dira, bai Alkaiaga aldean, baita Zalainen ere. Hain zuzen, Zalainen izan dira errepide honetako azken bi hildakoak eta inguru horretan berehala zenbait neurri hartzekotan dira, hala nola zola berritu, hiru karrilen luzera laburtu eta seinalizazio horizontal eta bertikal berria jarri, baita iragarritako erradarra jartzea ere.
Epe luze eta ertainerako obrak
Bezperan, Bildu eta Aralar-NaBairen eskariz, Luis Zarraluqui Sustapen Departamentuko kontseilariak agerraldia egin zuen parlamentuan, N-121-A errepidean istripuak murrizteko hartu diren edo hartuko diren neurrien berri emateko. Bertan, neurriak hartuko direla aipatu zuen, baina errepideak istripuen %4 bertzerik ez duela eragin erraten segitu zuen. Gehiegizko abiadurak eragin omen ditu istripuen %19ak eta kanpoko faktoreek (bidean animaliak edo gauzak izateak) istripuen %26,5 eragin du.
Epe luzera, Belateko tunelak bikoiztea aztertzen ari da Nafarroako Gobernua, baina obra horretarako 200 milioi euroko inbertsioa egin beharko litzateke.
Epe ertainean, Sunbillako bidegurutzean Doneztebe aldeko errotonda kendu eta sarrera-irteerak Igantzi alderakoan egitea proposatu dute. Berako saihesbidean, berriz, Zalainetik Iruñerako norabidera sartzeko azelerazio-bidea luzatu eta segurtasun gehiago eman nahi diote eta Alkaiagako tunelaren ondoan dagoen bidegurutzea kendu. Gisa horretara, Beratik N-121-A errepidera ateratzeko Zalainetik joan beharko litzateke nahitaez. Marisol Taberna Berako alkateak ez du begi onez ikusi proposamen hau, Agerran bizi direnak ere herri guzia gurutzatu eta Zalainetik joan beharko bailukete Iruña aldera ere. Edozein moduz, oraindik proposamena bertzerik ez da eta alternatiba ezberdinak aztertzen ari omen dira.