2014 denboraldiko hirugarren lasterketan Transbidasoa-Euromaster-Inurrieta taldeak urteko lehen garaipena lortu zuen otsailaren 22an Tafallan. Ion Zeberio elizondarra azkarrena izan zen helmugan lau lagunen arteko sprint estuan; Iñaki Villoria iruritarrak 90 kilometroko ihesaldia egin zuen eta Luziano Mitxelena lesakarrak master60 mailan garaipena lortu zuen.
160 txirrindulari izan ziren Tafallan eta Transbidasoa-Euromaster-Inurrieta taldeak dituen hamar txirrindulariak eraman zituen. Ia hasieratik Iñaki Villoriak bertze zazpi iheskiderekin alde egin zuen eta Artajonako bigarren igoeratik aitzinera bakarlanean aritu zen. Baina Villoria harrapatu eta sprint gogorra eta lehiatua Zeberiok irabazi zuen. Ibon Urtiaga hurrengo taldetxoan helmugaratu zen 9. postuan eta Luziano 29., Master60 mailako garaipena lortuz. Aurrez lan handia eginda gibelerago sartu ziren bertze taldekideak: Xabi Aranguren igantziarra (94.), Mikel Arburua igantziarra (95.), Riki (100.), Iñaki Villoria iruritarra (102.), Txutxin (118.), Joxean Mitxelena lesakarra (120.) eta Jabi Urtiaga (126.).
Asteburu honetan Zaragozan eta Bizkaiko Itzulian ibiliko dira taldeko txirrindulariak.