Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestak hogoita hamekagarren edizioa ospatuko du heldu den maiatzaren bigarren igandean, aurten ere Senpereko aintziran. Zenbaki berezia da, orotarat, 31 ikastola direlako gaurko egunean Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan. Aurtengo bestaren irabaziekin Seaskak Miarritzen eraiki nahi duen lizeoa lagunduko da. Miarritzen autobidearen ordainlekuaren ondoan eraikiko da ikastegi berria, denbora berean lizeo orokorra eta profesionala izanen dena. 350 ikasle hartuko dituen ikastetxe berriak 12 milioi euroko gastua ekarriko du eta Akitaniako lurralde kontseiluak erdia hartuko du bere gain. Miarritzeko hiriak lurra eskaini dio Seaskari. Orain 6 milioi euro inguru bildu beharko dituzte eskola berria altxatzeko. Lehen hitz ordua Senperen finkatu da maiatzaren 11an, Herri Urratsen.