Argipenak

Markel LIZASOAIN 2014ko martxoaren 6a

Orain dela 20 urte, elka­rrizketatxo bat egin zioten, eta lehenbiziko orrian joan zen honako erretratu hau. Artxiboko argazkia

Ilbeltzeko kronikako argazkia (inaute batzuetakoa) ez zen berriemaileak paratzeko eskatua. Oraingoan heldu den Martin zenaren kronika hau, berriz, aurreko zenbakirako bidalia zegoen.
 
Okina hil zaigu
Ilbeltzaren 1ean egin zuen hondarreko hatsa Martin Mitxeo Saldisko panaderoak, 83 urte zituela. Urrutietatik etor­tzen da jendea Olasoko ogia erostera, “betiko ogia edo ogi potxo­lua” esaten diotena. Horretaz ezagutzen zuen jende askok Martin, hizketa goxoko gizon leuna. Joan den hilean joan zaigu sekulako, eta sumatuko dugu haren faltea. Eultzia ere herrian egiten zen denboran ikasi zion amari opilak labean erretzen, eta seme Xabierreri erakutsi gero. Orain dela hogei urte, elkarrizketa bat egin zioten Ttipi-ttapan, eta honela esplikatu zuen nola hasi zen panadero: «Garai hartan, ama hasi zen eta nik lagundu egiten nion, eta geroago, nire gain hartu nuen. Guk egurrezko labeak ditugu, egurrezko labeak gusto diferentea ematen baitio ogiari irauteko ere, egurrezkoan eginak gehiago irauten du». Egun hauetan Mikel Laboaren kantu hau ibili dut gogoan haren hutsa ezin beteta:
 
Gure hitzak
esan berriz esan
ez daitezela ahaztu
ez daitezela gal,
elur gainean
txori hanka arinek
utzitako arrasto sail
ederra bezalaxe

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun