Doneztebarrak elkarteak, Emakumearen Eguna oinarri hartuta, kanpaina berri bati ekin dio. “Emakume izateagatik eta beti hemen egoteagatik” elkarteko saltoki eta zerbitzuetan martxoaren 8ra arte erosketa egiteagatik 50 euroko 7 erosketa baleren zozketan parte hartuko dute bezeroak. Horretaz aparte, beti ondoan dagoen emakume horri esaldi berezi bat eskainiz bertze lehiaketa batean parte hartzeko aukera ere izanen da eta 100 euroko erosketa balea lortuko du esaldirik politenak. Martxoaren 8an, 20:00etan eginen da baleen zozketa eta sari banaketa Santa Luzia Plazan. Aitzinetik 18:00etan, Udalak antolatutako zine-foruma izanen da Herriko Ostatuan. ¿Y ahora adónde vamos? filma eskainiko da eta gero solasaldia eta luntxa eskainiko da.
Kanpaina honetaz aparte, emakumearen eguna dela eta, Mendaur institutuko DBHko 2. mailako ikasleek iniziatiba bat izan dute eta merkatari elkarteari kolaborazioa eskatu diote. Ikasleek historian nabarmendu diren emakumeei buruzko kartelak prestatu dituzte. Kartelak kartulina lilan doaz, gainean emakume desberdinen argazkiak itxekita doaz eta ondoan testu deskriptibo bat. Doneztebarrak elkarteko saltoki eta zerbitzuetan jarriko dituzte ikusgai kartel horiek,erakustokiak lilaz jantziz.