Otsaileko azken asteburuan bortz saio jokatu ziren Bardoak taldekako txapelketako lehen faseari bukaera emateko, Uitzi, Etxarri-Aranatz, Leitza eta bi Barañainen. Aurreko saioen gisara, bertsozale erantzun bikaina eta bertsoekin gozatzeko parada ederra izan zuten. Lehen fasea bukatuta, sei talde pasa dira martxoan hasiko den bigarren fasera, horietatik lau eskualdekoak: Baztan-Malerrekako Etxeko Kontuk, Leitzako Harrapazank, Lesakako Zortziko haundiena eta Baztango Lepatanatuek 2, txipiroien itzulera. Horiekin batera, Iruñeko Bertze Maldikoak eta 12 obario eta 11 pedrada (tartean da Erika Lagoma lesakarra ere) sailkatu dira bigarren fase horretara.
Sei saio jokatuko dituzte bigarren fasean, bi bueltara. Horrela gelditu dira saioak: Zortziko Haundiena-Lepanatuek 2; Bertze Maldikoak-Etxeko Kontuk eta Harrapazank-12 obario eta 11 pedrada.
Saioen datak eta lekuak oraindik erabat zehaztekoak daude hau idazterakoan, baina martxoaren 7tik 30era izanen dira. Horietako bat, martxoaren 8an, larunbatean Iturengo Herriko Etxeko ganbaran 19:00etan eginen den bertso-merenduaren ondotik jokatuko dute Etxeko Kontuk eta Bertze Maldikoak taldeek. Bertze bat martxoaren 14an, ortziralarekin jokatuko dute Elizondon Baztango Lepatanatuek 2 eta Lesakako Zortziko Haundiena taldeek. Bigarren fasetik hiru talde pasako dira apirilaren 12an Lesakan jokatuko den finalera.