Laguntza laguntzaren truk. Ideia hori dago Ttipi Txartelaren atzean. TTIPI-TTAPA FUNDAZIOAren helburua ahalik eta bazkide gehien lortzea da eta, dagoeneko, kasik zazpirehunek aprobetxatzen dituzte Ttipi Txartelak eskaintzen dituen abantailak.
Txartela egiteko biderik errazena TTIPI-TTAPAra deitzea da (948635458) eta hor behar adina argibide emanen dira. Dena den, laburbilduz, hona hemen oinarrizko azalpenak: Ttipi Txartela urtero berritzen da, pertsonala da (erabiltzailearen izen-deiturak eta karnetaren zenbakia ditu idatziak), dendaren batean erabiltzerakoan Txartelarekin batera Nortasun Agiria ere erakutsi beharko da eta hainbat tokitan urtean zehar deskontu interesgarriak izateko eskubidea ematen du, merkealdi sasoian izan ezik. Deskontuak eskaintzen dituzten dendak zein diren jakiteko eta horietako bakoitzean deskontua zertan eta zenbatekoa den ikusteko, txartelarekin batera liburuxka bat bidaltzen da etxera informazio zehatzarekin.
HEMENGO DENDAK
Herriko denda eta zerbitzuetan kontsumitzera animatzea da Txartelaren helburuetako bat. Horiexek ematen baitiote bizitza gure herriei eta horiexek baitira TTIPI-TTAPA bezalako proiektu ttikien laguntzailerik baliotsuenak. Hor ageri da zenbateraino den garrantzitsua hemengo denda eta zerbitzuetan kontsumitzea. Maiz kanpoko ofertak begiratzen ditugu, baina herrietan ere produktu onak daude eta prezioak berdintsuak dira.
MARTXOAN BIDALIKO DIRA TXARTEL BERRIAK
Txarteldunek otsailean hartu dute karta bat ea berritu nahi duten galdetuz eta kartarekin batera, iaz ordaindutako kopuruak Errenta Aitorpenean ekarri dien desgrabazioa zehazten duen ziurtagiria. Txartel bakarra duenak 40 euro ordaindu zituen iaz, eta desgrabazioa %25ekoa dela kontuan hartuta, 10 euro itzuliko dio aurten Nafarroako Gobernuak.
OPARIEN ZOZKETAK HAMABOSTERO
TTIPI TXARTELA izatea harpidetza soilik izatea baino merkeago ateratzen da eta deskontuak dituzten tokietan zenbat eta gehiago erabili, 40 € baino aisa gehiago berreskuratuko dira. Eta deskontuez gain, oparien zozketak hamabostero.
TTIPI TXARTELArengatik 40 € ordaintzen bada ere, urtearen buruan kontuak egin ondotik, harpidetzarengatik ordaintzen diren 34 euroak baino merkeago ateratzen da txartelduna izatea, errenta-aitorpena egiterakoan 10 € itzuliko baitio Nafarroako Gobernuak txarteldunari. Eta ez hori bakarrik; zenbat eta gehiago erabili dendetan, orduan eta irabazi handiagoak ditu txarteldunak deskontuei esker.
Bistan denez, abantaila ez da bakarrik txartela erosten duenarentzat. Tartean onuradun gehiago daude. Lehenik eta behin Ttipi-Ttapa Fundazioa bera. Zenbat eta txarteldun gehiago izan orduan eta sendoagoa izanen baita bere autonomia ekonomikoa eta hori, gaur den egunean diru-laguntzak gero eta urriagoak diren honetan, izugarri inportantea da bizirik irauteko. Eta onuradunen artean kontatu behar dira deskontuak eskaintzen dituzten denda eta zerbitzuak ere, bezeroak fidelizatzeko edota bereganatzeko baliagarri baitzaie Ttipi Txartela.
HAMABOSTERO SARI INTERESGARRIEN ZOZKETAK
Ttipi-Ttapari laguntza ematen dioten enpresa eta erakundei esker, txarteldunen artean hamabostero hainbat sari zozketatuko dira aurten ere. Hala nola, Martikoren eta Arkupe Gozotegiaren produktuz osatutako loteak, Oninart eta Onddotapuntoren arropak, Elkar, Erein, Ibaizabal eta Ttarttalo argitaletxeek eskainitako liburuak, Lanku, Katxiporreta eta Urtxintxa Eskolaren CD, DVD eta jokuak, Donostiako Aquarium, Naf. Bertsozale Elkartea eta Zugarramurdiko Lezeak oparitutako sarrerak, Posada Oitzek eskainitako 4 otordu eta Urdi Kiroldegiak eskainitako sarrerak: 12 sarrera urtean zehar Lesakako Udal Kiroldegirako eta 6 sarrera udan Berako Igerilekuan sartzeko. Hauexek dira orain arte lotu diren sariak. Urtean zehar joanen gara zehazten sari berri gehiago.