Lagun-Bide Zerbitzuak enpresa sozial eta solidarioa aurkeztu du Bidelagun elkarteak

TTIPI-TTAPA 2014ko martxoaren 6a

Bidelagun elkarteko ordezkariak, konpromiso berriaren aurkezpenean. Alicia del Castillo

Bertze lanen artean, bigarren eskuko arropa bilduko du eskualde osoan paratuko diren 15 edukiontzien bitartez

Bidelagun elkarteak gizarte konpromiso berri bat hartu du: Lagun-Bide Zerbitzuak izeneko enpresa sozial eta solidarioa martxan paratzea. Martxoaren 5ean elkartearem egoitzan egin zuten aurkezpenean jakinarazi zutenez, «behar gehien dituztenen artean lanpostuak sortzea» da helburu nagusia.

Bidelagun elkarteak gizarte konpromiso berri bat hartu du: Lagun-Bide Zerbitzuak izeneko enpresa sozial eta solidarioa martxan paratzea. Martxoaren 5ean elkartearen egoitzan egin zuten aurkezpenean jakinarazi zutenez, «behar gehien dituztenen artean lanpostuak sortzea» da helburu nagusia.

 

Bidelagun elkarteko Isidro Herguedasek aipatu zuenez, proiektua ez da ideia berria: «Duela urte batzuk zenbait pauso ematen hasi ginen Centro de Inserción Sociolaboral delakoa eskualdean martxan paratzeko asmoarekin. Bilerak egin genituen bata eta bestearekin, baina ez zituzten fruiturik eman: batzuk “ez zela dirurik”, bertze batzuk “diru publikaorekin ez dela esperimentatzen” erranez, eta denetan borondate falta». Laguntza publikoak gero eta murritzagoak izaten ari zirela, ildo horretatik ez zutela deus erdietsiko eta beharrak gero eta eta handiagoak zirela ikusita, «gure kabuz mugitzea erabaki genuen erantzun bat emateko asmoarekin».

Enpresa sozial eta solidarioaren erranahia ere azaldu zuten aurkezpenean: «Gure helburu nagusia eragin soziala izatea dela, etekin ekonomikoa lortzea baino gehiago; ondasunak eta zerbitzuak eskaintzen ditugula modu ekintzaile eta berritzailean; lortzen ditugun irabaziak helburu sozialak lortzeko erabiltzen ditugula eta elkartea modu arduratsu eta gardenean kudeatzen dugula, langile, bezero eta interes-taldeen inplikazioa lortuz».

Lagun-Bide Zerbitzuak, dagoeneko, jarduera aunitz eskaintzen dituen enpresa da. Erraterako, eskualde osoan arropak biltzen dituzte edukiontzien bitartez eskualde osoan, Zugarramurditik Berara, arropak berrerabiltzeko asmoarekin. 15 edukiontzi paratuko dira herri batzuetan eta mantso mantso herri guztietara iritsiko dira. Beran, Lesakan eta Elizondon bina edukiontzi paratuko dituzte eta Etxalar, Doneztebe. Ituren, Oronoz, Irurita, Arizkun eta Erratzun bana.

Bigarren eskuko arropa dendak irekitzeko asmoa dute Elizondon, Donezteben, Lesakan eta Beran. «Dagoeneko fite Donezteben irekiko dugu lehenengo denda, Parrokia karrikako 18an» aipatu zuen Herguedasek. Honekin lotuta, arropa konpontzeko tailerrak, trapuak saltzea enpresa eta tailerretan eta salmenta saltzaile haundiek egiteko asmoa dute. Lortuko den dirua jornalak, alokairuak, aseguruak, segurantza soziala eta abar ordaintzeko erabiliko dute.

Gainera, garbiketak orokorrean, etxeko brikolajea, posta bidalketa lanak eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa eta birziklapena ere eskainiko ditu Lagun-Bide Zerbitzuak enpresak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun