Ekoizpen ekologikoa diru-laguntzarik gabe gelditu dela salatu du EHNEk

TTIPI-TTAPA 2014ko martxoaren 4a

Protesta agerraldia egin zuen otsailaren 28an Nafarroako Gobernuaren egoitza atarian

EHNE nekazaritzako sindikatuak protesta agerraldia egin zuen otsailaren 28an Nafarroako Gobernuaren egoitza atarian, nekazari eta abeltzain ekologikoek bizi duten egoera dela eta. Nafarroako Gobernuak ekologikorako bideratzen zituen diru-laguntzak %70ean murriztu zituen iaz eta aurten bertan behera utzi ditu. Hain zuzen, ekologikoan aritzen diren abeltzain eta nekazariei zein desagertzeko zorian dauden aziendek jasotzen dituzten diru-laguntzak dira desagertu direnak.

Diru-laguntza hauek bertan behera uzteak nekazari eta abeltzain ekologikoek dituzten ekoizteko kostuak nabarmen garestitzen ditu, arriskuan jarriz ustiategi hauetako aunitz. Egun Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseilua edo NNPEKen 447 ustiategi, gainera 25.846 laboreko hektarea eta 42.250 hektarea abeltzaintzarako edo bazkarako daude.

Ekoizpen ekologikoak azken urteotan ez du bolada ona bizi, izan ere, ekologikorako diru-laguntzen jautsierari, ekoizteko kostuen eta tasa administratiboaren igoera gehitu behar zaio. Aurten diru-laguntzak kentzeak eragin zuzen zuzena du ekologikoan hasi behar zuten ekoizleengan eta, aurten ere, bertze bortz urterako konpromisoa berritu nahi zutenengan, hauek guztiak laguntzarik gabe gelditzen baitira.

Diru-laguntza hauek Europak eta Nafarroak batera finantzatzen dituzte, Landa Garapeneko bigarren ardatzaren bitartez, Nafarroak diru-laguntzaren %45 jartzen du eta Europak, berriz, laguntzaren %55.

Ekoizpen ekologikoa baliabide naturalak modu ezin hobean erabiltzen ditu, sintesiko gai kimikoak edota genetikoki aldatutako organismoak OGM erabili gabe. Horrela, elikagai organiko osasungarriak ekoizten dituzte, eta aldi berean, lurraren emankortasuna babesten dela eta ingurumena errespetatzen dela bermatu. Hau guztia modu iraunkor eta orekatuan. “Ingurugiroaren alde gero eta gehiago egiten badute PAC moduko nekazaritzako politikek eta gizarteak berak ere, Nafarroako Gobernua huts egiten ari da nekazaritzako ekoizpenean konpromisoa handiena lortzerakoan” dio EHNE sindikatuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun