Abian da Sagardo Txapelketa. Larunbatean jokatu zen lehen partida: Juaristi eta Agirrezabala, Aritz Juanenea saldiastarra eta Julen San Migel doneztebarraren kontra. Baina eskualdeko bikoteak ezin izan zituen jokoan zeuden lau puntuak eskuratu. Partida ongi hasi zen, eta hasiera polita izan zen. Are gehiago, Juanenea eta San MIgel aitzinean ere ibili ziren. Baina markagailuan 26-22 zenean dena aldatu zen. Juaristi kantxan agintzen hasi zen eta Agirrezabalak lagundu zion horretan. 26-34 jarri ziren markagailuan eta gero 28-34 gipuzkoarren alde. Hortik zuzenean joan ziren 40ra irabazleak. Juaneneak eta San Migelek akatsak egin zituzten, bien artean hamabi eta horietatik zortzi San Migelek egin zituen.
Sagardoaren Txapelketa
Hasierako ligaxka martxoaren 29ra bitarte jokatuko da eta bikote bakoitzak sagardotegi baten izena eramanen du. Multzo bakoitzeko bi lehenbizikoak sailkatuko dira apirilaren 12an jokatuko diren finaledietarako eta finala apirilaren 19an jokatuko da. Honela, A multzoan, Koteto Ezkurra doneztebarrak eta Endika Urrutia saldiastarrak Larregain sagardotegiaren izena eramanen dute. A multzoko gainerako bikoteak hauek izanen dira Urriza eta Aritz Zubiri goizuetarra (Altzueta), Etxeberria IV eta Ion (Bereziartua) eta Xanti Uterga eta Patxi Olazar doneztebarrak (Saizar). B multzoan, Juaristi eta Agirrezabala (Petritegi), Aritz Juanenea saldiastarra eta Julen San Miguel doneztebarra (Gaztañaga), Matxin III eta Joxe Etxeberria III doneztebarra (Gurutzeta) eta Gorka Urtasun iruritarra eta Barrenetxea IV (Oialume Zar). Zortzi bikote eta zortzi sagardotegi.